Gizartea -

Sutea Donostian

Gizarte Zerbitzuek bazuten su hartu zuen etxebizitzan zegoen 'Diogenesen sindrome' kasuaren berri

Donostiako Udalak "esku hartzeko laguntza judiziala" ere eskatu izan zuen, "Gizarte Ekintzak jabeen senide eta hurbilekoekin egindako gestio sakonen" ondoren, horiek onartu egin baitzuten etxebizitza garbitzeko baimena ematea.

San Martzial kalean pilatutako zabor-mendia. Argazkia: EFE.
San Martzial kalean pilatutako zabor-mendia. Argazkia: EFE.

Suhiltzaileek zailtasunak izan dituzte sutea itzaltzeko, pilatutako zabor kantitate handiagatik

0:43

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak adierazi duenez, Udaleko Gizarte Zerbitzuek bazekiten asteazkenean su hartu zuen etxean 'Diogenes sindrome' egoera zegoela eta haren jarraipena egiten ari zen.

Asteazkeneko 16:30ak baino lehentxeago piztu zen sua San Martzial kaleko eraikin batean. Une horretan hutsik zegoen, eta garbiketa-lanak egiten ari ziren, barruan objektu asko baitzeuden gordeta, "batez ere zaborra", EFEri adierazi ziotenez. Dagoeneko guztiz itzalita dago sua. 

Udalak ostegun honetan ohar batean adierazi duenez, Gizarte Zerbitzuek egindako jarraipenari esker, bazekiten etxebizitza horretan zegoen 'Diogenesen sindromearen' egoeraren berri, eta "metatutako materialak ateratzeko esku-hartzeren bat ere egin zuten".

Komunikatuan zehazten denez, "esku hartzeko laguntza judiziala" ere eskatu izan zuen, "Gizarte Ekintzak jabeen senide eta hurbilekoekin egindako gestio sakonen" ondoren, horiek onartu egin baitzuten etxebizitza garbitzeko baimena ematea.

Lan horretarako enpresa bat kontratatu zuten, "sutea hasi zenean hain zuzen ere han zeuden langileak", zehaztu du.

Sutea piztu eta 24 ordu baino gehiago iraun duten garbiketa-lanen ondorioz, objektu eta zaborra pilatu da San Martzial kalean, eta haiek biltzeko zain daude.

Suteak kalteak eragin ditu gutxienez hamar etxebizitzatan, eta horietako sei "nahiko hondatuta" daude, Martin Ibabe Herritarren Segurtasunerako zinegotziak gaur azaldu duenez. Adierazi duenez, gela batzuetan zaborra ateraino dago, eta suhiltzaileak ezin izan dira bertara sartu.

Udalak baieztatu duenez, Udalak eskura jarritako hotelean igaro dute gaua hamar familiek eta bertan igaroko dute osteguneko gaua ere. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak