Gizartea -
Sutea
Donostiako suteagatik irtenarazitako 17 bizilagunek hotel batean jarraitu beharko dute, sua itzali duten arren
Su hartu zuen etxebizitzatik zaborra ateratzen jarraitzen dute suhiltzaileek; pilatutakoaren % 20 baino ez dute atera. Gainera, ondoko eraikin batean ere lanean ari dira, sugarrak bertara heldu dira eta.
Agentziak | EITB Media
Atzo arratsaldean Donostiako erdigunean, San Martzial kalean, piztutako sutea itzali dute dagoeneko Donostiako suhiltzaileak. Luze joan da, su hartu zuen etxebizitzan zabor kopuru handia pilatuta baitzegoen, eta horrek itzaltze lanak zailtzen ditu. Gauzak horrela, euren etxeetatik irtenarazitako 17 bizilagunek hotel batean jarraituko dute.
Martin Ibabe eta Maria Jesus Idoeta, hurrenez hurren, Donostiako Segurtasun eta Gizarte Ekintzako zinegotziak sutearen lekuan izan dira goizean. Azaldu dutenez, 10:00ak jota "sutea itzali gabe" dute suhiltzaileek. "Zaborrez eta hondakinez beteta dagoen etxebizitza bat dugu. Erregaia da hori, eta txingarrak daude nonahi. Zaborra apurka-apurka kendu behar dute, sutea guztiz amatatutzat emateko", argitu du.
Suhiltzaileak balkoitik behera ari dira zaborra ateratzen, pixkanaka-pixkanaka. Nabarmendu duenez, pilatutakoaren % 20 baino ez dute kendu oraindik. "Luzerako dago lana, eta suhiltzaileak ezin izan dira gela batzuetan sartu ere egin".
Sutea pilatutako zaborragatik piztu ote zen galdetuta, Ibabek ez du aukera hori baztertu baina nabarmendu du "ikerketapean" dagoela. Goiz omen da hori baieztatzeko.
Su hartu duen etxebizitzaren egitura hormigoizkoa da, eta behintzat, alde horretatik "lasaiago" dabiltza suhiltzaileak, Ibaberen esanetan.
Garrek 10 etxebizitza kaltetu dituzte, eta horietatik sei "egoera txarrean" geratu dira.
Ondoko etxebizitza batean ere, sua
Gainera, eta Segurtasun zinegotziak azaldu duenez, "ondoko eraikin batean ere lanean ari dira suhiltzaileak". Horren esanetan, San Martzial kaleko etxebizitzak eta Etxaide kalean dagoen beste batek "patio estu bat partekatzen dute" eta "garrak leku batetik bestera igaro dira".
Bigarren eraikin hori egurrezkoa da, eta hori dela eta, udal arkitektoak egitura aztertzen ari dira. "Suak eta suhiltzaileek botatako urak egiturari nola eragin dioten aztertu behar dute", argitu du.
Azkenik, Idoetak iragarri du atzo irtenarazitako 17 pertsonak (10 familia) hotel batean jarraitu beharko dutela gutxienez hiru egun gehiago.