Gizartea -

Osakidetza

Pediatra kopurua % 18 hazi da Osakidetzan azken hamarkadan; nabarmenago, erietxeetan

Lehen mailako arretan ere, oro har, handitu egin da haurrak artatzen dituzten fakultatiboen kopurua ere, baina haurren osasunari dagozkion beharrak aldatu egin dira. Profesional asko kexu dira agendak beteta dituztelako, eta osasun-zentro batzuetan aurreko urteetan baino pediatra gutxiago dago.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak ESI bakoitzeko azken hamar urteetan lan egin duten pediatra kopuruaren bilakaeraren datuak argitaratu ditu ostegun honetan. Gaur egun, duela hamarkada bat baino 91 pediatra gehiago ditugu. Hazkunderik handiena erietxeetan nabaritu da, ez hainbeste lehen arretan, batez ere azken 4 urteetan.

Pediatriako medikuek artatzen dituzten 0-14 urteko biztanleak % 22 jaitsi dira azken hamarkadan, baina pediatren kopurua % 18 igo da gurean epe berean.

Hala ere, bilakaera ez da berdina izan ESI guztietan, ezta osasun-zentro eta kontsulta guztietan ere. Azken hamarkadan haurrei zuzendutako mediku berri gehien eskuratu dituzten hiru ESIak Donostialdekoak (24 pediatra gehiago), Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetakoak (12 gehiago) eta Arabako ESIkoak (8 gehiago) izan dira.

Ez dago pediatra gutxiago dituen ESIrik, baina Tolosaldekoak, adibidez, 2014ko berberak ditu: 9 doktore.

Gorakada nabarmenagoa ospitaleetan

Pediatra kopuruak nabarmen gora egin duen ESIak barnean erietxe bat daukatenak dira; izan ere, zentro horietan nabaritu da gehien mediku mota horren hazkundea, duela 10 urte baino 42 plaza gehiago daude eta.

Arabako Unibertsitate Ospitalean, adibidez, 28tik 36ra igaro dira; Donostiako Unibertsitate Ospitalean 37tik 51ra; eta Gurutzetako Ospitalean 84tik 92ra. Pediatrak galdu dituen ospitale bakarra Bidasoakoa da: 2014an bi zeuden, 2015ean bat izatera pasatu ziren eta 2022tik ez dago bakar bat ere.

Erronka nagusia: lehen arreta

Lehen mailako arretako zentroei dagokienez, batura orokorrak pediatra gehiago daudela ere badio ere, haurren osasunaren arreta aldatu egin da, beharrak aldatu egin dira baita banaketa ere.

Zentro batzuek medikuak galdu dituzte. Adibide gisa, Salburuako (Gasteiz) osasun-zentroak 8 pediatra zituen 2022an, eta gaur egun, berriz, 4 ditu. Miribillakoak (Bilbo) 6 pediatra zituen 2019an, eta, gaur egun, 4 aritzen dira bertan lanean. Gauza bera gertatu da Errekalden (Bilbo): 6 pediatrak egiten zuten lan 2021ean, eta orain, 4k.

Bestalde, badira pediatrak irabazi dituzten zentroak eta kontsultategiak ere, hala nola Oionen haurren arretan bereziki aritzen den medikua daukate 2017tik.

Osakidetzaren0 erronka lehen mailako arreta indartzea da oraindik. Helburua 800 pazienteko pediatra bat izatea da, baina, gaur egun oraindik, lehen arretako pediatra ugarik agendak beteta dituzte, eta, hori dela eta, hitzorduak emateko zailtasunak dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Galdakao-Usansolo Ospitalea