Gizartea -
GARRAIO PUBLIKOA
12 urtetik beherakoek Arabako garraio publikoan doan bidaiatu ahalko dute urtarrilaren 7tik aurrera
Hala ere, doan bidaiatzeko BAT txartel pertsonalizatua izan beharko dute eta horren bitartez baliozkotuko dituzte beren bidaiak.
AGENTZIAK | EITB Media
Urtarrilaren 7tik aurrera, Araban garraio publikoa doakoa izango da 12 urtetik beherakoentzat. Hala ere, doan bidaiatu ahal izateko ezinbestekoa izango da BAT txartel pertsonalizatua erabiltzea.
Gauzak horrela, 12 urte artekoek ez dute ordaindu beharko Alavabus zerbitzuko autobusetan, eskualdeko garraioan eta Gasteizko tranbian ibiltzeko. Gasteizko autobusetan (Tuvisa) dagoeneko doan bidaiatu ahal dute 12 urte artekoek.
Gasteizen tranbia zerbitzua ematen duen Euskotren konpainiak azaldu duenez, otsailera arte 12 urte artekoek ez dute BAT txartel pertsonalizatua erakutsi beharko doan bidaiatzeko. Ez dute txartelik hartu beharko, baina ikuskatzaileek beren adina egiaztatu beharko dute.
Otsailetik aurrera, ordea, BAT txartel pertsonalizatua baliozkotu beharko dute bidaia guztiak hastean, gainerako erabiltzaileek bezala.
BAT txartel pertsonalizatua egin nahi duen orok Gasteizko tranbiaren informazio bulegoan eskuratu dezake, urtarrilaren 7tik aurrera, 08:00etatik 19:30era.
Euskadiko Garraio Agintaritzak pasa den abenduaren 23an erabaki zuen 12 urte arteko adingabeek garraio publikoa doan erabil dezaten neurria ezartzea eta garraio publikoan % 50eko deskontuak luzatzea. Eustaten datuen arabera, EAE osoko 130.400 haur inguruk baliatu ahal izango dute neurria, 22.000 inguruk Araban, 65.000k Bizkaian eta 43.300ek Gipuzkoan.
Hurrengo asteetan neurria Bizkaira eta Gipuzkoara ere zabalduko da.