Gizartea -
Trafikoa
Trafiko-istripuek 37 hildako eragin dituzte 2024an EAEn, 2023an baino 7 gutxiago
Istripu, zauritu larri eta hildakoen kopuruak behera egin du 2024an EAEko errepideetan, Segurtasun Sailak astearte honetan Bilbon aurkeztutako balantzearen arabera.
EITB MEDIA
Aurten 37 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan, 2023an eta 2022an baino zazpi gutxiago eta 2019an baino 14 gutxiago; pandemiaren aurreko datua da hori.
Trafiko Zuzendaritzak azpimarratu duenez, beheranzko joerari eutsi zaio; izan ere, 2003an 207 pertsona hil ziren, 2010ean 67, 2019an 51 eta 2024an 37.
Hildako gehienak Gipuzkoan izan dira berriro ere, 19 hildakorekin, baina kopuru hori jaitsi duen lurralde bakarra izan da, 2023an baino 11 gutxiago izan baitziren bertan.
Bizkaian, aldiz, gehitu egin dira, 10 hildakorekin (2023an baino 2 gehiago), eta Araban ere gora egin du kopuruak, 8 hildakorekin (2 gehiago). Generoaren arabera, hildakoen % 76 gizonak izan dira (28) eta % 24 emakumeak (9).
Hildakoen erdiak baino gehiago ( % 54) errepideko kolektibo kalteberen bateko pertsonak izan dira, baina lehen aldiz 2017tik ez da txirrindulari bakar bat ere hil.
Zehazki, 2024an 15 motozale hil dira EAEko errepideetan (iaz baino 4 gehiago) eta 5 oinezko (2023an baino 3 gutxiago).
Aurreko urteekin alderatuta, 2024an kolektibo kalteberetako hildakoen ehunekoa % 6 hazi da 2023arekiko, baina 2022an baino % 14 txikiagoa da.
Istripuak jaitsi egin dira
Istripu-tasak behera egin du 2023tik; izan ere 7.383 trafiko-istripu erregistratu dira EAEn (2023an baino % 7,0 gutxiago). Horietatik guztietatik, 2.408 biktimak eragin dituzten istripuak izan dira: 391 Araban, 1.146 Bizkaian eta 871 Gipuzkoan.
Halaber, 410 pertsona larri zauritu dira, 2023an baino % 13,0 gutxiago.