Gizartea -
Erasoa Arrigorriagan
Ertzaintza gorroto delitu bat ikertzen ari da Arrigorriagan, gizon batzuek beste bat jipoitu ostean
Biktima ospitalera eraman zuten, zenbait pertsonak emandako kolpeen ondorioz larri zaurituta. 20 urteko gizon bat atxilotu zuten, lesio delitua egotzita, baina gorroto delitua ikertzen ari dira. Erasoa denda txinatar batean gertatu zen.
eitb media
Arrigorriagako Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen bart, denda batean gizon bati lesio larriak egiteagatik, baina hainbat pertsonak eraso omen zioten, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gorroto delitua izan den argitzeko. Erasoa denda txinatar batean gertatu zen, eta gainerako erasotzaileen bila ari dira.
Aipatu iturrien arabera, bart gaueko bederatzi eta erdiak jota zirenean, Ibaizabalgo ertzain-etxeak Arrigorriagako merkataritza-establezimendu batean gizon bati egindako erasoaren berri izan zuen.
Biktimak hainbat lesio zituen gorputz osoan, eta ospitalera eraman zuten, lesio larriak baitzituen. Gaur goizean, baina, sendagiria jaso du.
Udaltzaingoak jasotako informazioaren arabera, gutxienez hiru izan ziren erasotzaileak, eta ustezko erasotzaile nagusia, 20 urteko gizon bat, atxilotu egin zuten, lesio delitua egotzita. Atxilotua epailearen aurrera eraman dute.
Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gorroto delitua izan den argitzeko.
Inguruko merkatariek adierazi dutenez, aurretik ere iraindu dute biktima.