Gizartea -

EGURALDIA

Gurean da iragarritako eguraldi aldaketa: euria eta hotza nagusi hurrengo egunotan

Gaua epela izan da, eta tenperatura maximoak goizeko lehen orduetan neurtu dira. Goizerdian, baina, goitik behera aldatu da aroa, eta negu giroa nagusitu. San Tomas egunerako apur bat hobera egingo du, eta, oro har, ateri eutsiko dio; hori bai, hotz egingo du.

Emakume bat, euripean, Gasteizen. Argazkia: Guillermo Agirre
Emakume bat, euripean, Gasteizen.
Goiz aldakorra Euskadin: haizea, ostadarra eta euria

0:26

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tenperatura epelak eta hegoaldeko haize zakarra —EAE abisu horipean izan da 03:00ak arte— rotagonista izateari utzi diote udazkenaren azken txanpa honetan. Gaurko eguraldi aldaketa latza iragarrita zeukan Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak, eta iritsi da: fronte hotz baten eraginpean egongo gara hurrengo egunotan.

Bart gauekoa epela izan da, eta goizaldean 18-19 ºC-ko maximoak neurtu dira kostaldeko txoko askotan. Goizean errotik aldatzen joan da aroa, fronte bat iritsi baita, eta haizeak ipar-mendebaldera egin du bolada gogorrekin, batez ere kostaldean. Hortik aurrera, zerua estali eta euritara jo du. Euria iparraldetik hegoaldera zabaldu da eta giroa hozten joango da; eguneko tenperatura minimoak gauean neurtuko dira, eta elur maila 1.000-1.200 metroan egon daiteke.

Bihar, ostiralarekin, hasiko da negua (10:21ean), eta sasoiaren berezko eguraldiarekin ekingo dio. Giroa hotza izango da, eta tarteka, euria egingo du. Tenperatura maximoak nekez iritsiko dira 8-13 ºC-ra eta ipar-mendebaldeko haizeak areagotu egingo du hotz sentsazioa. Lainotuta egongo da, batez ere ipar partean, eta goizean prezipitazioak hegoaldera ere iritsi litezke. Arratsaldean, ordea, Nafarroa hegoaldean eta ekialdean hodeitza zertxobait saretuko da. Elur mailak bere horretan jarraituko du, hots, 1.000-1.200 metro inguruan.

Larunbatean San Tomas azoka ospatuko da, eta apur bat hobera egingo du. Litekeena da euria lurraldearen ipar-ekialdera (Gipuzkoa iparraldea eta Ipar Euskal Herria) mugatzea; euri txikia espero da han, tarteka. Gainerako lekuetan ateri eutsiko dio. Tenperaturak apur bat gora egin badezake ere, giroa hotza izango da, batez ere barnealdean. Bilbon eta Donostian 13-14 ºC-raino igoko dira termometroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak