Gizartea -

Indarkeria matxista

Pelicot auziko epaia gaur jakinaraziko dute, eta 20 urterainoko espetxealdiak ezartzea espero da

Fiskaltzak 650 urtera arteko kartzelaldia eskatu zuen, 72 urteko biktimaren aurkako bortxaketengatik eta sexu-erasoengatik. Gisele Pelicot ikur feminista bilakatu da epaiketa publikoa izatea erabakitzeagatik, "lotsa aldez alda dadin".

Gisele Pelicotentzat justizia aldarrikatzen duen pintada bat, Avignonen. Argazkia: EFE
Gisele Pelicotentzat justizia aldarrikatzen duen pintada bat, Avignonen. Argazkia: EFE
Gisele Pelicotentzat justizia aldarrikatzen duen pintada bat, Avignonen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Avignongo auzitegiak, Frantziako hego-ekialdean, epaia emango du gaur Gisele Pelicoti egindako bortxaketei buruzko makroepaiketa historikoan, eta 51 akusatuei 20 urtera arteko espetxe-zigorrak ezartzea espero da.

Fiskaltzak 650 urte arteko kartzela-zigorra eskatu zuen azaroaren 27an, 72 urteko biktimaren aurkako bortxaketengatik eta sexu-erasoengatik. Gisele Pelicot ikur feminista bihurtu da, epaiketa publikoa izatea erabakitzeagatik, "lotsa aldez alda dadin".

Eskatutako zigorrik handiena, 20 urtekoa (legeak Frantzian jasotzen duen handiena), 72 urteko Dominique Pelicot senar ohiarentzat da. Epaiketaren hasieratik delitu guztiak aitortu ditu, eta bere fantasia "emakume intsumiso bat menderatzea" zela ziurtatu du saioetan.

Abusuak egin zizkion, eta emakumea hiltzeko arriskuan jarri zuen 2011tik 2020ra, drogatuz eta beste gizon batzuk bortxatzera gonbidatuz.

Era berean, beste akusatu batek, Jean-Pierre Marechalek, delituak onartu ditu epaiketan, nahiz eta inoiz ez zuen Gisele Pelicot ukitu; aitzitik, akusatu nagusiaren metodoak bere emazteari aplikatu zizkion, eta emakume hori ere antsiolitikoen eraginpean bortxatu zuten bi gizonek.

Fiskaltzak eskatutako zigorrik txikiena, 4 urtekoa, sexu-erasoa bakarrik leporatzen zaion beste gizon batentzat da, bortxaketa-kargurik gabe.

Gainerakoentzako (27 eta 74 urteko adin tarteko gizonak) 10 eta 20 urte bitarteko kartzela-zigorrak eskatzen dituzte bortxaketa larriagoagatik.

Delitu guztien frogak Dominique Pelicot bortxatzaileak berak grabatutako milaka bideo eta egindako argazkietan daude. Epaitzen ari diren gertakariak 2011 eta 2020 artean jazo ziren, lehenik Paris eskualdean eta, 2013tik aurrera, erretiroa hartutakoan eta etxez aldatu ondoren, Mazanen, Avignonetik gertu dagoen 6.000 biztanleko herri batean.

Gisele Pelicot auzitegira heltzen, txalo artean. Argazkia: EFE

"Ez da auzi berezi bat"

"Ez da auzi berezi bat, gizarte patriarkal baten parte da, non egunero, ia minutuero, bortxaketa bat dagoen", nabarmendu du Alienor Laurentek, Frantziako Osez le feminisme elkarte feministaren presidentekideak.

"Salbuespena da, berak epaiketa izan dezakeelako", gaineratu du Laurentek; izan ere, Frantzian sexu-erasoengatiko salaketen % 80 artxibatuta geratzen direla uste da.

"Burua tente du", eta hori ikur "oso indartsua" izan da, Fondation des Femmesen presidente Anne-Cecile Mailfertek azpimarratu duenez.

Madrilgo feminista abolizionistek elkarretaratzea egingo dute gaur Espainiako Estatuko hiriburuan, Gisele Pelicot babesteko, eta emakumeek "babes handiagoa" izan dezaten eskatzeko.

Elkarretaratzearen leloa 'Ni Giselen ondoan nago' da, eta 19:00etan egingo dute, Frantziak Madrilen duen enbaxadaren aurrean. Bertan, Giselen 100 figura jarriko dituzte, "auzia epaiketa publiko bihurtzeko, biktima barik erasotzaileak seinalatzen dituena, oraingoan lotsak jota".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Frantzia Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa