Gizartea -

EUSKERA

Arartekoak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko

Donostiako bi herritarrek iazko azaroan jarritako kexa bat aztertu ondotik dator eskaria. Ertzaintzaren patruila batek "tratu ezegokia" eman ziela salatu zuten, "behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren".

Ertzaintzako zenbait agente, artxiboko irudi batean.
Ertzaintzako zenbait agente, artxiboko irudi batean.
Ertzaintzako zenbait agente, artxiboko irudi batean.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eskatu dio Ertzaintzaren "euskarazko arreta berma dezan", "administrazioak hizkuntza ofizialetan arreta emateko betebeharra" duela gogora ekarrita, "bereziki testuinguru publikoetan".

Euskadiko Herriaren Defendatzaileak jakinarazi duenez, Donostiako bi herritarrek iazko azaroan jarritako kexa bat aztertu ondotik dator eskaria. Ertzaintzaren patruila batek "tratu ezegokia" eman ziela eta "602 euroko zehapen-proposamen bat" jaso zutela salatu zuten, "behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren".

Kasua aztertu ondoren, Arartekoak ondorioztatu du ertzainen jarrera "tratu iraingarritzat" hartu daitekeela eta ez dagoela "zehapen-proposamenerako legezko oinarririk", herritar horiek "euren burua identifikatzeari uko egiteagatik".

Hala, Manu Lezertuak zuzentzen duen erakundeak gomendioa igorri dio Segurtasun Sailari, herritarren "hizkuntza-eskubideak errespetatzea ezinbestekoa" dela esanez. Halaber, Ertzaintzan "hizkuntza-trebakuntza indartzeko" eskatu dio, "eskubide-berdintasuna sendotzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Arartekoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak