Gizartea -

BIZKAIA

Labankadaz eraso egiteagatik Getxon atxilotutako 20 urteko gizona epailearen aurrera eraman dute

Bestalde, larunbat goizaldean Getxon gizonezko bat labankadaz larri zauritzeagatik atxilotutako hiru adingabeak libre geratu dira, Fiskaltzaren aurrean deklaratzeko hitzorduaren zain. 23 urteko zaurituak, berriz, Gurutzetako Ospitalean jarraitzen du, larri.

Erasoa Areeta auzoko metroko sarreraren inguruan gertatu zen. EITB Media
Erasoa Areeta auzoko metroko sarreraren inguruan gertatu zen
Erasoa Areeta auzoko metroko sarreraren inguruan gertatu zen. EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Getxon gizonezko bat labankadaz larri zauritzeagatik pasa den larunbatean atxilotutako 20 urteko gizonezkoa epailearen esku utzi dute goizean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak EITB Mediari baieztatu dionez.

Sastaketarekin zerikusia dutelakoan atxilotutako hiru adingabeak, berriz, libre geratu dira asteburuan, Fiskaltzaren aurrean deklaratzeko hitzorduaren zain.

Larunbat goizaldeko hirurak aldera izan zen gertakaria, Areeta auzoko Ibaigane kalean, metroko sarreraren inguruan.

Zenbait gazte borrokan hasi ziren, eta 23 urteko gizonezko bat sastatu zuten. Zauritua Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, larri. Arma zuriz egindako zauriak zituen sorbaldan eta bizkarrean, eta labankada bat birikara iritsi zitzaion.

Biktima larri dago, baina egonkor, eta ez dago bizia galtzeko arriskuan.

Erasoaren ostean, ertzainak eta udaltzainak bertaratu ziren, eta lau pertsona atxilotu zituzten gertakariarekin lotuta, hiru adingabe tartean.

Ustez erasoan erabilitako labana trenbidean botata aurkitu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Getxo Bizkaia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak