Gizartea -

EUSKARA

"Taupa, euskaltzaleen mugimenduak" jarraituko dio Euskaltzaleen Topaguneak hasitako bideari

Euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaroko da aurrerantzean, euskaltzaletasuna indartu eta zabaltzeko eraginkorragoak izateko. Webgunea estreinatu dute eta datozen hilabeteetan "taupada guztiak Euskaraldiaren erritmoan jartzera" dei egin dute.

Taupa mugimenduaren aurkezpena gaur, Bilbon. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Taupa mugimenduaren aurkezpena gaur, Bilbon. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Taupa mugimenduaren aurkezpena gaur, Bilbon. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaltzaleen Topaguneak aro bat itxi eta berri bati ekin dio larunbat honetan. Bilboko Kafe Antzokian egin duten ekitaldian, "Taupa, euskaltzaleen mugimendua" aurkeztu dute ofizialki, Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretuko dituen mugimendua, euskaltzaletasuna indartu eta zabaltzeko.

Topaguneak euskara elkarteak batzen zituen orain arte, eta euskara elkarteak izango dira Tauparen muina orain ere, baina hemendik aurrera, elkarteetan antolatuta egon gabe ere, euskararen alde ekarpena egin nahi duten herritarrek euskaltzaleen mugimendura batzeko aukera izango dute, eta elkarterik ez dagoen herri eta eskualdeetan bizi diren euskaltzaleek nazio mailako erreferentzia berri bat izango dute.

Hala, taupamugimendua.eus webgunea estreinatu dute, mugimendu honetan parte hartzeko bideak eskaintzeko euskaltzaleei. "Bakoitzak aukeratzen duen eran parte hartzea da helburua, nahi duena ematea mugimendu horri", azaldu du Jon Zapata Taupako Aktibazio arduradunak.

Aktibismoaren egungo joerak aintzat hartuz, egiteko molde eta antolatzeko modu berri batzuei emango die bidea mugimendu berrituak. Hala, komunitategintzan indarra jarriz, euskararen aldeko konplizitateak orain arte baino esparru gehiagotara zabaldu nahi ditu Taupa mugimenduak.

Dagoeneko abian diren ekintzak sustatzea izango da ekintzetako bat, eta aktibismo digitala zein kaleko aktibismoa erabiliko dituzte horretarako. "Gure hipotesia da herritarrak aktibatzeko eta saretzeko aukera gehiago eskainiz irismen handiagoa lor dezakegula", azaldu du Zapatak, eta "euskarak eta batez ere euskaldunok halako mugimendu bat behar dugu", erantsi du.

Tauparen logoa, gertutik. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia

Epe motz eta ertainera, Euskaraldian jarri du begirada Taupak, milaka herritar aktibatzen dituen ariketa sozial masibo bat izanik, "ariketa bera gainditu, eta euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua sendotu eta jendea saretzeko". "Datozen hilabeteetan, taupada guztiak Euskaraldiaren erritmoan jarri behar ditugu, berriz ere, erraldoia izan dadin. Pentsa, 320.000 herritar baino gehiago dira noizbait ahobizi edo belarriprest gisa parte hartutakoak; 10etik 1 euskaltzaleen mugimendura batzea lortuko bagenu, zertarako gai izango ginateke?", hausnartu dute.

"Euskarak behar duen jauzia eragiteko, jendartea gehiago inplikatzea lortu behar dugu. Euskaltzaletasuna indartu eta zabaltzeko premia dugu, eta, horrekin batera, epel edo hotz dauden pertsona eta sektoreak posizio aldekoagoetara erakarri behar ditugu", adierazi du Irati Iciar Taupako lehendakariak.

"Mugimendu gisa irekidura ariketa bat egin nahi dugu, sustatzen ditugun imajinarioak, diskurtsoak eta jokaerak berrikusi, eta egiteko modu berriak probatzeko", hausnartu, eta "herrigintzan dago gakoa" nabarmendu du, hala ondorioztatu baitute, 28 urteko ibilbidean: "Herrigintzatik egin izan dugu euskararen alde, eta horretan sakondu behar dugu". Hala, herri mailako prozesu komunitarioak sustatzen ari direla azaldu du; euskaltzaleak eta euskaratik urrunago egon izan diren herritar eta eragileak elkarrekin aritzera gonbidatzen dituzte, etorkizunerako nahi duten herria elkarrekin irudikatzeko eta eraikitzeko, "gurean ez baita prozesu eraldatzailerik izango euskararik gabe, eta euskarak ez baitu etorkizunik izango eraldaketa sozialik gabe", erantsi du.

Erabileraren aroa

"Erabileraren aroa" bultzatu nahi du Taupa mugimenduak. Jasone Mendizabal Taupako koordinatzaile orokorrak azaldu duenez, "aurreko belaunaldien lorpen nagusia euskararen ezagutza hedatzea izan bazen, egun euskararen alde gabiltzanon erronka erabilera biderkatzeko baldintzak sortzea" izango da.

Bide horretan, argi dute luzaroan beharko direla "egoera eta eremu ezerosoetan euskaraz mintzatzen diren euskaltzaleak", baita hiztunen borondatea bakarrik ez dela aski, eta, horregatik, euskarak "agenda publikoan lehentasuna" izan behar duela aldarrikatu du Mendizabalek. "Egiturazko baldintzetan ere eragin beharko dugu bizi dugun larrialdi egoera iraultzeko. Euskararen auziak agenda publikoan lehentasuna lortu beharko du, adostasun sozial, politiko eta instituzional berriak josi beharko dira, eta orain artekoak baino anbiziotsuagoak izango diren neurriak hartu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Euskaraldia albisteak