Gizartea -

EUSKARA

Nafarroan euskara indartzeko "urgentziazko neurrien Dekalogoa" aurkeztu du Euskalgintzaren Kontseiluak

Nafarroako Euskararen Legearen 38. urteurrenaren atarian kaleratu dute testua Kontseilua osatzen duten Nafarroako eragileek. Besteak beste, euskararentzako arkitektura juridiko berria eskatu dute, "zonifikazioa gainditu eta Nafarroa osora ofizialtasuna hedatuko duena".

Nafarroan egin duten agerraldia. Iturria: Kontseilua
Nafarroan egin duten agerraldia. Iturria: Kontseilua
Nafarroan egin duten agerraldia. Iturria: Kontseilua

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan euskararen larrialditik indarraldirako bideari ekiteko urgentziazko neurrien Dekalogoa aurkeztu du ostegun honetan Euskalgintzaren Kontseiluak eta berori osatzen duten Nafarroako eragileek. Hain justu, agerraldia 1986ko Euskararen Foru Legearen 38. urteurrenaren atarian egin dute, eta, besteak beste, eskatu dute euskarak arkitektura juridiko berria izan dezan, "zonifikazioa gainditu eta Nafarroa osora ofizialtasuna hedatuko duena".

Azaroaren 30ean, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, Kontseilua osatzen duten gizarte eragileen ordezkariek "larrialditik indarraldira" jauzi egiteko deia egin zuten 2025ari begira. Hala, Euskararen normalizazioa agenda politiko eta sozialaren "erdigunean" jartzea eskatu zieten erakundeei, eta eragile politiko eta sozialei.

Oraingoan, azken urteotan urratsak eman direla esan ondotik, Kontseiluak adierazi du oraindik "aurreko inertzia batzuek bere horretan jarraitzen dutela", eta  euskarari dagokionean Nafarroan "bidegabekeria asko" dagoela.

Testuinguru horretan, eta abenduaren 15ean —"nafar guztiondako zorigaitzeko data"— Euskararen Foru Legearen 38. urteurrena ospatzeko egun gutxi falta diren honetan, Kontseiluak adierazi du etorkizunera begiratu eta "egin beharrekoari arreta" jartzeko unea dela eta datorren urtetarako oinarriak jartzeko unea dela.

Horretarako, Nafarroako Gobernuari eskatu die hainbat gakoren gainean "determinazioz aritzeko" eta nabarmendu dute bide horretan urratsak ematen bidelagun izango dituztela. Besteak beste, arkitektura juridikoa aldatzea ezinbestekoa dela adierazi eta Euskararen Lege berri baten beharra azpimarratu du Euskalgintzaren Kontseiluak, "nafar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituena, zonifikazioa gaindituko duena, eta Nafarroa osora ofizialtasuna hedatuko duena".

Administrazioa euskalduntzea, euskararen aurrekontua handitzea eta hezkuntza-sistemak belaunaldi berriak euskalduntzeko sistema abian jartzeko deia ere egin du Euskalgintzako Kontseiluak.

Helduen euskalduntzearen sektorea egonkortu eta indartzeko beharra, arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko neurriak eta euskarazko hedabideak babesteari ere eman diote garrantzia Dekalogoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Nafarroa gaur Gizartea Eguneko albisteak Albisteak