Gizartea -
polizia operazioa
Telefono kontratuekin eta gailu elektronikoen salmentarekin iruzurra egiten zuen gaizkile taldea desegin dute
Ertzaintzak eta Guardia Zibilak 12 pertsona atxilotu ditu Bizkaian eta Burgosen. Iruzurra egotzita, talde horren kontrako 50 salaketa baino gehiago jaso dituzte Espainiako Estatu osoan. Ikerlarien arabera, legez kontra lortutako gailu elektronikoak salerosita ia 200.000 euroko iruzurra egin dute.
EITB Media
Telefono lineen iruzurrezko kontratuekin eta gailu elektronikoen salmentarekin maula egiten zuen gaizkile taldea desegin dute Ertzaintzak eta Guardia Zibilak, elkarlanean egindako operazio batean. Bizkaian eta Burgosen 12 pertsona atxilotu dituzte —7, Bizkaian eta 5, Burgosen— talde horretako kide direlakoan, eta horietako bi (Burgosen atxilotutakoak) kartzelatu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez.
Informazioaren arabera, taldeko kideei kapitalak zuritzea, dokumentuak faltsutzea, iruzur egitea eta egoera zibila usurpatzen aritzea egotzi diote. Espainiako Estatu osoan iruzur horiengatik jarritako 50 salaketa baino gehiago argitzea lortu dute, horrenbestez. Izan ere, ikerlarien ustez, 200 bat telefono-linearen iruzurrezko kontratu egin zituzten gaizkileek eta 192.000 euro irabazi, legez kontra lortutako produktuak salerosita.
Ikerketa 2024ko martxoan abiatu zuen Ertzaintzak, Bilboko salerosketa-establezimendu bati susmo txarra hartu zion eta. Egiaztatu ahal izan zutenez, establezimendu horretako hainbat pertsonak produktu teknologikoak eskuratzen zituzten Interneten bigarren eskuko salerosketa-aplikazioen bidez. Erosketak legez kanpo eta ordaindu gabe lortzen zituzten: izan ere, engainuen bidez, biktimari sinestarazten zioten produktu horieren truke, oker baten ondorioz, adostutakoa baino gehiago ordaindu zutela; ustez, ordaindutakoaren balioko transferentziak jasotzen zituzten. Gero, produktuok denda fisikoetan saltzen zituzten berriro.
Martxoan bertan, Guardia Zibilak pakete-bidalketa susmagarriak atzeman zituen Miranda Ebroko (Burgos) helbide batera, haien artean itxuraz harremanik ez zuten hainbat pertsonaren izenean. Ondoren egiaztatu ahal izan zutenez, gaizkileek identitate usurpatuak erabiltzen zituzten telefonia mugikorreko kontratuak iruzurrez formalizatzeko, gama altuko gailuak lortuta (telefonoak, tabletak, telebistak…).
Identitate-usurpazio horiek kalte larria eragin zieten biktimei, konpainiekin zorpetuta geratzen baitziren eurek jakin gabe, eta berankorren fitxategietan alta ematen baitzitzaien. Egoera horrek erabateko babesgabetasun-egoeran jarri zituen biktima horiek, eta epaiketetarako ere deitu zituzten, eta kasuren batean haietako batzuen aurkako bilaketa-seinalamenduak ere eman zituzten.
Bi ikerketa lerroek bat egiten zutela (ustezko egileak berberak ziren, besteak beste) ohartu ziren Ertzaintza eta Guardia Zibila, eta orduan bateratu zuten operazioa (ANITZ-CYGANSKY izena jarri diote).
Atxiloketak egiteaz gain, hiru miaketa egin dituzte Barakaldon, Bilbon (biak, Bizkaian) eta Miranda Ebron (Burgos), eta hainbat froga topatu bertan: usurpatutako identitateen jatorrizko dokumentazioak eta fotokopiatuak, diru-bidalketen egiaztagiriak, iruzurragatik salatuta zeuden gailu elektronikoak, kriptomoneten zorro bat eta auziarekin zerikusia duen eta aztertuko den dokumentazio ugari.