Gizartea -
RADIO EUSKADI
Bizkaiko elizbarrutiko Sexu Abusuen Batzordeak "kasu gehiago" jasotzen jarraitzen du
Bilboko gotzainaren hitzetan, "gehienak" istorio "oso sinesgarriak" dira, epaitegietan frogatzeko "zailak" diren arren, "aspaldikoak" direlako.
EITB MEDIA
Bizkaiko elizbarrutiko Adin Txikikoen Babeserako eta Sexu Abusuei aurre egiteko Batzordeak "kasu gehiago" jasotzen jarraitzen du, Joseba Segura Bilboko gotzainak baieztatu duenez. "Oraindik ez dakigu gertatu den guztia. Dena ez da atera, baina uste dut jarrera egokia dugula", esan du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Segurak azaldu du sexu-abusuen biktimei laguntzeko abian jarritako batzordea bere "funtzioa betetzen" ari dela. Haren hitzetan, "hasieran bezainbeste ez", baina oraindik badira "zenbait pertsona" bere "istorioa kontatzeko" batzordera jotzen dutenak.
Nabarmendu du "lekukotza gehienak oso sinesgarriak" direla, juridikoki frogatzeko "zailak" diren arren, besteak beste, kasu ia denetan "denbora asko" igaro delako eta "lekukorik ez "dagoelako. "Orain arte isilean gorde badira da beste testuinguru batean gertatu zirelako eta oso zaila zelako sasoi hartan honetaz hitz egitea", erantsi du.
Biktimentzako konpentsazio ekonomikoaz galdetuta, apezpikuak zehaztu du "pertsona askok" ez dutela dirurik nahi, gertatu zitzaiena kontatzea baino ez, "publiko egin gabe". Nolanahi ere, esan duenez, badira "istorioak publikoki jakinaraztea" nahi dutenak, eta baita ere, kalte-ordaina nahi dutenak.