Gizartea -
Gertakaria
Gizon bat atxilotu dute Donostiako Ulia mendian beste gizon bat larri zauritzeagatik
Zauritua ospitalera eraman behar izan dute. Gertakariak goizeko seietan jazo dira, baso batean. Ustezko erasotzailea atxilotu egin dute, hilketa saiakera eta mehatxuak egotzita.
Agentziak | EITB Media
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du gaur goizaldean Donostiako Ulia mendian, hilketa-saiakera leporatuta, eztabaida baten ostean beste bati arma zuri batekin mehatxu eta eraso egiteagatik. Zauritua larri ospitalera eraman behar izan dute.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakariak gaur jazo dira, 06:00ak aldera, Ulia mendiko baso batean. Gizon batek laguntza eskatu dio Ertzaintzaren patruila bati.
Ertzainek oinez lagundu diote, gaua igarotzen ari ziren baso bateraino. Bertan, beste gizon batek kolpeak eta zauriak zituen, eta odoletan zegoen.
Gertatutakoaz galdetuta, biktimak azaldu du bertan zegoen beste gizon batek arma zuriz eraso egin diola, eta aldez aurretik eztabaida izan duela harekin.
Ustezko erasotzailea atxilotu egin dute, hilketa saiakera eta arma zuriz mehatxu egitea egotzita. Ondoren, ertzain-etxera eraman dute, beharrezko izapideak egiteko. Amaitutakoan, epailearen esku utziko dute.