Gizartea -

Indarkeria matxista

Juana Rivasek seme txikia babesteko eskatu du, senar ohia tratu txarrengatik auzipetu dutela eta

Semeei "ohiko tratu txar fisikoak ematea, iraintzea eta mehatxatzea" leporatuta, auzibidea abiatu du Italiako Fiskaltzak Rivasen bikotekide ohiaren kontra. Semeetako bat aitarekin bizi da oraindik Italian, eta Rivasek uste du "arrisku bizian" dagoela.

Rivas, artxiboko argazki batean. EFE
Rivas, artxiboko argazki batean.
Rivas, artxiboko argazki batean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juana Rivasek, bi semeak Francesco Arcuri aita eta tratu txar emailearengandik babestearren kartzela zigorra jaso zuen emakumeak, semeetako bat babesteko eskatu du, Fiskaltzak gizona tratu txarrengatik auzipetu ondoren. Mutikoa Italian bizi da aitarekin (beste semeak 18 urte ditu, eta amarekin bizi da, Granadan). 

"Italiako Fiskaltzak, azaroaren 14an emandako auzipetze eskaera batean, semeei ohiko tratu txar fisikoak ematea, eta horiek iraintzea eta mehatxatzea egotzi dio Arcuri aitari", jakinarazi du Rivasen defentsak ohar batean. 

Horren aurrean, semeetako bat oraindik harekin bizi dela eta, "kezka bizia" adierazi dute emakumearen abokatuek. "Zigor auzia zabalik dagoen arren, eta instrukzioan haren kontrako froga nahikoa daudela ebatzi duten arren, seme txikia harekin bizitzera behartzen dute", salatu dute. 

Rivasen beste semearen bideo bat ere zabaldu du abokatuen bulegoak. 18 urteko mutilak ohartarazi du: "ondo ezagutzen dut aita, eta badakit ez dela gai bere haserrea kontrolatzeko. Anaia arrisku bizian dago". 

Gaztearen arabera, anaia txikia "tratu emaile batekin bizi da, hura salatzeko beldur da, aitak haren kontra egingo duelakoan. Hiltzeko arriskuan dagoela uste du. Nik ere sentitu dut hori eta badakit nola dagoen".

Rivasek semeak gizonari entregatzeko epaia, baliogabetuta

Rivasen abokatuek gogorarazi dutenez, Italiako Auzitegi Gorenak onartu egin zuen emakumeak aurkeztutako kasazio errekurtsoa, eta semeak aitarekin uztera behartzen zituen epaia baliogabetu zuen, eta epaiketa errepikatzea agindu. 

Epai hartatik bederatzi hilabete igaro diren honetan, seme txikia aitarekin bizi da oraindik, epaia ez dutelako betearazi eta adingabea babesteko neurrik hartu ez dutelako. 

Maracenako amaren oinaze judiziala

Granadako epaitegi batek bost urteko kartzela zigorra ezarri eta sei urtez seme-alaben zaintza edukitzeko eskubidea kendu zion Juana Rivasi, adingabeak ostearen delitua egotzita. Gorenak erdira murriztu zuen zigorra, 2018an. Handik bi urtera, 2021ean, indultu partziala eman zion Espainiako Gobernuak

Gertakariak 2017ko udan jazo ziren, semeak aitari ez entregatzeko, Rivas bi umeak hartuta (3 eta 11 urtekoak) desagertu zenean. 2009an Rivasi tratu txarrak emateagatik zigortu zuten gizona, eta 2016an ere haren kontrako beste salaketa bat jarri zuen emakumeak. 

Arcuri tratu txarrengatik auzipetu dutela eta, "ama babesleentzat erreparazioa" eskatu du Irene Montero Berdintasun ministro ohiak:

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Italia Matxismoa Feminismoa