Gizartea -

Ingurune digitalak

6 urtera arte pantailarik ez eta 16 urtera bitartean telefono analogikoak erabiltzeko gomendioa egin dute

50 adituk osatutako batzorde batek adingabeen mugikorraren erabilera mugatzeko 107 proposamen egin dizkio Espainiako Ministroen Kontseiluari.

Pertsona bat mugikor bat eskuetan duela. Argazkia: EITB MEDIA
Pertsona bat mugikor bat eskuetan duela. Argazkia: EITB MEDIA
Pertsona bat mugikor bat eskuetan duela. Argazkia: EITB MEDIA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Ministroen Kontseiluak 50 adituk osatutako batzorde batek egindako txostena jaso du astearte honetan. Txosten horretan, adingabeen artean pantaila eta gailu digitalen erabilera murriztea gomendatzen da. Funtsezko neurrien artean, 6 urtetik beherakoei pantailen aurrean egotea debekatzea eta 16 urtera arte telefono analogikoak lehenestea nabarmentzen da. Gainera, adin txikikoak bertan daudela helduek mugikorraren erabilera mugatzea proposatu dute.

Txostenak gomendio espezifikoak ezartzen ditu, adin-tarteka: 0-3 urte bitartean, ez da komeni pantailak erabiltzea; 3-6 urte bitartean, kasu jakin batzuetan bakarrik onartuko lirateke gailuak, helduek gainbegiratuta; 6-12 urte bitartean, aurrez aurreko eta bizipenezko jarduerak lehenesten dira, eta Interneterako sarbidea duten gailuen erabilera mugatu; eta 12-16 urte bitartean, lehen mugikor adimenduna eskuratzea ahalik eta gehien atzeratzea gomendatzen da, eta Internet gabeko telefonoen erabilera lehenetsi, betiere gurasoek kontrolatuta.

Teknologiarako sarbide progresiboa eta segurua arautzeaz gain, adituek familien eta industria teknologikoaren erantzukizuna azpimarratzen dute. Proposatutako 107 neurrien artean, honako hauek daude: gailuak espazio digital seguruak lehenetsita konfiguratzea, gailuen etiketetan arriskuei buruzko ohartarazpenak nahitaez egitea, eta adingabeengan eragina duten txostenak egitea. Era berean, salaketa-mekanismoak eta eduki desegokiak blokeatzeko mekanismoak indartzea iradokitzen dute.

Hezkuntza-esparrua ere aztertu dute, eta haur eta lehen hezkuntzetan gailu digitalen erabilera pribatua debekatzen duten proposamenak egin dituzte; DBHn, tresna pedagogiko gisa soilik erabiltzea jarri dute mahai-gainean. Horrez gainera, adituek ikastetxeetan erabiltzen diren aplikazioak berrikusteko, berehalako haborokin-sistemak ezabatzeko eta adinaren araberako erabilera-muga argiak ezartzeko eskatu dute.

Halaber, aipatzekoa da adingabeen pribatutasuna sare sozialetan babestearen aldeko jarrera. Txostenak zenbait praktika arautzea planteatzen du, hala nola sharenting delakoa (influencerrek eta eduki-sortzaileek adingabeen irudiak partekatzea), eta adingabeak jarduera ekonomiko digitaletan erakustea berariaz debekatzea.

Espainiako Gobernuak ziurtatu du ekainean onartutako ingurune digitaletan adingabeak babesteko Lege Organikoan jasota ez dauden proposamenen bideragarritasuna aztertuko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Telefonia mugikorra Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak