Gizartea -

MANIFESTAZIOA VALENTZIAN

100.000 lagun elkartu dira berriro Valentzian Mazonen dimisioa eskatzeko, GOIDIa izan zenetik hilabetera

Dozenaka mila pertsona bildu dira berriro Valentziako kaleetan Carlos Mazon presidentearen dimisioa eskatzeko, "berreraikuntzaren gidari izateko ez delako gai", euren iritziz.

Arratsaldean Valentzian izan den manifestazioaren pankarta nagusia. Argazkia: EFE
Arratsaldean Valentzian izan den manifestazioaren pankarta nagusia. Argazkia: EFE
Arratsaldean Valentzian izan den manifestazioaren pankarta nagusia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

100.000 pertsonak hartu dute parte larunbat arratsaldean Valentzian, Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera, Carlos Mazon presidentearen dimisioa eskatzeko egin den manifestazioan, "berreraikuntzarako ezgaituta baitago, bai moralki bai etikoki", protestaren antolatzaileek ohartarazi dutenez.

Duela hilabete inguru Valentzian sufritu zuten GOIDIaren kudeaketa okerra salatzeko egiten duten bigarren mobilizazio handia izan da gaurkoa (130.000 pertsonak parte hartu zuten azaroaren 9ko martxan).

"Hilabete geroago, gure herri eta hiriek suntsituta jarraitzen dute. Gobernu hau ezgaituta dago saltzen duten berreraikuntza hori egiteko, bai moralki bai etikoki ", adierazi du Anna Oliver deitzaileetako batek martxa hasi aurretik komunikabideei egindako adierazpenetan.

Izan ere, Mazonek azaroaren 15ean Valentziako Parlamentuan egindako agerraldia "lotsagarria" ikusita, beharrezko jo dute berriro ere kalera ateratzea. "Ez zuen barkamenik eskatu, ez zuen gertatutakoaren azalpen arrazoizkorik eman, eta kea baino ez zuen saldu", salatu du Oliverrek.

"Suntsipenaren gobernua dira, gobernu militarizatua dira, zigortutako eta ustelkeria kasuei lotutako enpresei dirua ematen ari zaien gobernua. Ez dugu nahi haiek zuzentzea berreraikuntza", adierazi du.

Alexandra Uso bozeramaileak ere salatu du tragedia gertatu eta hilabetera, herriek "hirugarren munduan bageunde bezala" jarraitzen dutela, eta ez direla "laguntzak iritsi". Pertsonek "sufritzen" jarraitzen dutela gogorarazi du eta, horregatik, "Mazonen gobernuari eta, zehazki, Mazon jaunari erantzukizunak argitzeko" eskatu dio. "222 biktimen omenez, oraindik desagertuta dauden lau pertsonen omenez, lanpostua eta etxeak galdu dituzten milaka pertsonen omenez, Valentziako herria ez da geldituko duintasuna, justizia eta ordaina izan arte", adierazi dute bozeramailekideek.

Imagen de la manifestación de esta tarde en Valencia. Foto: EFE

Manifestazioan zehar, "Mazon dimision", "El president a Picassent", "Mazon, asesino", "Mazón dinava, el poble s'ofegava" edota "No son morts, son assassinats" bezalako leloak entzun dira.

Hildakoak izan diren herri guztien izenak eta hildakoen kopuruak idatzita zeramatzaten kartelak ere ikusi dira martxan.

Hainbat eta hainbat lagun oinez joan dira Valentzia hiriburura, inguruko herrietatik, hildakoen omenez.

Manifestazioaren amaieran minutu bateko isilunea egin dute dute hildako 222 lagunak gogoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Valentziako Erkidegoa