Gizartea -
Erreskatea
Aita Marik 33 pertsona erreskatatu ditu goizaldean Mediterraneo erdialdean
Erreskatatutako pertsona guztiak siriarrak dira, eta horien artean daude seniderik gabeko hiru adingabe bi emakume. Italiako agintariek Salerno portua izendatu dute lehorreratze puntu, eta, aurreikuspenen arabera, ostiral goizean iristea espero da.
EITB MEDIA
Aita Mari ontziak Siriako 33 pertsona erreskatatu ditu gaur goizaldean Libiako SAR eremuan, kostaldetik 50 bat miliara, gutxi gorabehera, tartean familiarik gabe bidaiatzen ari ziren hiru adingabe eta bi emakume.
Salbamendu Humanitarioak jakinarazi duenez, larrialdi abisua 3:30 aldera jaso zuten, baina erreskatea ezin izan zuten 05:00 arte egin.
Abisuaren berri izan duenean, erreskate-ontzia arriskuan zegoen ontzitik 18 itsas-miliara zegoen. Haiengana iritsi direnean, erreskatatutako pertsonak "nekatuta eta urduri zeuden". Nolanahi ere, erreskatea "normalatasunez" egin ahal izan dute.
Erreskatean zehar, azaldu dutenez, "Libiako Kostako Guardiako ontzi bat agertu da eremuan eta modu arriskutsuan hurbildu da ontzira". Ondorioz, tentsio uneak bizi izan dira, baina erreskatea bizkortu dute Libiako Kosta Guardiak esku hartu aurretik, eta "arrakastaz" egin da operazioa.
"Egoera erreskatea arinduz konpondu ahal izan zen, Libanoko goardiak esku hartu aurretik", azaldu du gobernuz kanpoko erakundeak. "Gaur egun, erreskatatutako 33 pertsonak onik daude Aita Mari ontzian, eta bertan arreta medikoa, elikagaiak eta ura hartzen ari dira. Italiako agintariek Salernoko portua lehorreratzeko gune izendatu dute ", zehaztu dutenez. Bertara ostiral goizean iristea aurreikusten da.