Gizartea -
Bizkaia
Ur Partzuergoak onartu du pertsona batzuek ez zituztela abisuak jaso, eta SMS sistema bat probatzen ari da
Gainera, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin bilduko da, kontsumitzeko urekin lotuta gertatzen diren gorabeheren berri emateko neurri gehigarriak era koordinatuan nola hartu aztertzeko.
EITB Media
Ahaleginak ahalegin, bistakoa da hainbat herritarrek ez zutela ura ez kontsumitzeko gomendioa jaso, ez komunikabide nagusien bitartez, ez sare sozialen bidez. Hori ikusita, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa telefono bidezko SMS mezuetan oinarritako komunikazio-sistema propio bat probatzen ari da, dagoeneko beste administrazio publiko batzuek modu zabalean erabiltzen dutena, Ur Partzuergoak ohar labur batean azaldu duenez.
Era berean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin bilduko da, kontsumitzeko urekin lotuta gertatzen diren gorabeheren berri emateko neurri gehigarriak era koordinatuan nola hartu aztertzeko.
Iragan larunbatean sare nagusiko hoditerian izandako matxurak iturriko ura zikindu zuen, eta, ondorioz, Ur Partzuergoak ur hori ez edateko gomendatu zuen.
Erandion, Loiun eta Zamudion iturriko urik ez edatea gomendatu zuen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak. Igandean, 21:00ak aldera arazoa konponduta zegoela jakinarazi zuten.
Mungian, Barrikan eta Leioan ere uhertuta atera zen ura tarteka. Kasu guztietan gomendatu zuten behin iturria irekita ura irteten uztea, eta sarea purgatzea.