Gizartea -
Trafiko istripua
Gizon bat hil da eta emakume bat larri zauritu, Aiegin, autoa bidetik atera ostean
Autoan harrapatuta gelditu dira, eta suhiltzaileek haiek behin askatuta, osasun langileak 53 urteko gizona suspertzen saiatu dira, baina ospitalera iritsi denean hil egin da. 52 urteko emakumea Lizarrako García Orcoyen ospitalera eraman dute, bularraldean kolpe larriarekin.
EITB Media
53 urteko gizon bat hil da eta 52 urteko emakume bat larri zauritu, larunbat honetan, A-12 errepidean, Aiegin (Nafarroa), gidatzen ari ziren ibilgailua bidetik atera ostean.
SOS Nafarroak 12:40an jaso du istripuaren abisua, eta Lizarrako eta Lodosako parkeetako suhiltzaileak, inguruko mediku taldea, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat, anbulantzia medikalizatu bat eta Guardia Zibilaren patruilak bertaratu dira.
Ikertzen ari diren arrazoiengatik, ibilgailua bidetik atera da, A-12 errepideko 42,4 kilometroan, Aiegiko udalerrian.
Larrialdi-zerbitzuak iritsi direnean, ibilgailuko bi bidaiariak barruan harrapatuta zeuden. Behin suhiltzaileek haiek askatu dituztenean, bihotz-birikak bizkortzeko maniobrak egin dizkiote 53 urteko gizonezkari, baina ezin izan dute ezer egin haren bizia salbatzeko, eta ospitalera iristean hil egin da.
Beste bidaiaria, 52 urteko emakume bat, Lizarrako García Orcoyen ospitalera eraman dute anbulantzian, bularraldean kolpe larria zuela.
Hildakoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eramango dute, autopsia egin diezaioten. Guardia Zibila ari da ezbeharraren eginbideak bideratzen.