Gizartea -
Indarkeria matxista
Sanchezek Sumar babestu du eta Errejon auzian egin duen kudeaketa defendatu
Indarkeria matxistaren kasuak Sumar bazkideari zein Espainiako Gobernuari ekar liezazkiekeen ondorioez galdetuta, gobernuburuak esan du "mingarria eta desatsegina" dela, baina azpimarratu du exekutiboa gai garrantzitsuenak onartzeko gai izan dela, zailtasunak zailtasun.
Agentziak | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Sumar bazkidea babestu du eta Errejon auzian egindako kudeaketa defendatu. Dena dela, harago jota, 2027ko hauteskunde orokorrei begira, "ezkerreko esparru politikoaren erreformulatzeko" deia egin du.
Atzerrian dago Sanchez, eta Errejon auziak Omanen harrapatu du, Indiara bidean. Kazetariekin izandako solasaldi informal batean azaldu duenez, Yolanda Diazek ez zion inoiz bere 'bigarrenaren' inguruko susmo txarrik aipatu. Hala, horren ustez, Diazek salaketen berri izandakoan hartu ditu neurriak, eta hori da kontuan hartu beharrekoa.
Errejon auziak Sumari zein Espainiako Gobernuari ekar diezazkiekeen ondorioez galdetuta, erantzun du indarkeria matxista salaketak "mingarriak eta desatseginak" direla, baina gogorarazi du koalizio gobernua gai garrantzitsuak onartzeko gai izan dela, Kongresuan duen gehiengo estua gorabehera.
Harago jo du Sanchezek, eta eskuinaren eta ezkerraren esparru politikoaz mintzatu da. Nabarmendu duenez, Alberto Nuñez Feijoo eskuina batzen saiatu bada ere, bi indar nagusitu dira, akaso hiru (PP bera, Vox, eta agian Alvisseren Se acabo la fiesta). Bien bitartean, PSOEtik ezkerrera dagoen espazio politikoa nola geratu den (orain arte Izquierda Unida, Podemos eta Sumar egon dira) argitzea falta dela uste du, 2027ko hauteskunde orokorrak jomuga.
Sanchezez gain, Ana Redondo Berdintasun ministroak ere Sumarren kudeaketa babestu du. Redondoren hitzetan, Sumar "etxerako lanak egiten ari da", eta PPk Nevenka auzian egindakoarekin alderatu du.