Gizartea -

Euriteak

Euriteek hainbat intzidentzia eragin dituzte azken orduotan

Azken orduotako euriteek hainbat gorabehera eragin dituzte denean; tartean, ibaien emaria handitzea, lur-jausiak, trafiko arazoak eta uholdeak.

Butroe ibaia gainezka, Mungian. Argazkia: EITB Media
Butroe ibaia gainezka, Mungian. Argazkia: EITB Media
Euri-jasek hainbat lur-jausi eta trafiko arazo eragin dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait puntutan

0:44

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduotan botatako euri-jasek hamaika intzidentzia eragin dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan; ibaien emaria handitzea, lur-jausiak, arazoak trafikoan eta uholdeak, besteak beste.

Butroe ibaia, Mungian (Bizkaia), esaterako, gainez egiteko arriskua dago. Udalak autoak herriaren goiko aldera igotzeko eskatu du, ibaiaren goraldia ikusita.

Zuhurtzia eskatu die herritarrei, eta Legardako aparkalekua zabaldu du autoak bertara eraman ahal izateko.

Plentzian (Bizkaia), bi txalet hustu behar izan dituzte Isuskitza auzoan, lur-jausi baten ondorioz, eraikinen alboko mendian luizia izateko arriskua baitago.

Era berean, Bizkaiko suhiltzaileek ura xurgatu behar izan dute Gorlizen, Erandion eta Gernika-Lumon ur-pilaketen ondorioz, eta Lemoizen lurrera jausitako zuhaitz bat kendu behar izan dute.

Gainera, hainbat arazo eragin ditu euriak Gipuzkoako errepideetan

Dena den, badirudi eguerditik aurrera atertzera egingo duela eta egoerak okerrera behintzat ez duela egingo.

Gaur, lehen orduetan, euria egingo du oraindik, batez ere mendebaldean; zaparrada mardulak izango dira eta ia etengabe egingo ditu. Edozein kasutan, goizean nahiko azkar egingo du atertzera, ekialdetik hasi eta mendebaldera. Goizean bertan, ostarteak zabalduko dira ekialdean, baina litekeena da mendebaldean eta hegoaldean  arratsaldera arte hodeitza ez saretzea. Tenperaturak igotzeko joera hartuko du, eta beroenak 13 eta 17 ºC artean ibiliko dira.

Astelehenean, hodeiak eta ostarteak ikusiko ditugu zeruan. Araba eta Nafarroa hegoaldean, hodeiak ugariagoak izango dira, eta noizbehinka euria egin dezake bertan. Gainerako tokietan, isurialde atlantikoan bereziki, hodeiekin batera urdingune politak zabalduko dira. Tenperatura beste apur bat igoko da. Lehen orduetan, lanbroa edota lainoa izan daiteke hainbat txokotan.

Asteartean, tenperaturak igotzen jarraituko du. Maximoak 20 ºC-ren bueltan ibiliko dira isurialde atlantikoan, eta apur bat beherago geratuko dira barnealdean. Aldaketa gutxi ikusiko ditugu zeruan; ostarteak zabalduko dira tarteka, eta hodeitza trinkoagoa izango da hegoaldean. Ez da baztertzen bertan, egunaren hasieran, euri pixka bat egitea. Lainoguneak izango dira lehen orduetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Mungia berriak Alerta meteorologikoak bideoak Eguraldia Donostia Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa