Gizartea -

Epaiketa Avignonen (Frantzia)

Pelicot, "erabat suntsituta", senar ohiari: "Nola traizionatu ninduzun horrela?"

"Bortxatzailea ez duzu beti aparkaleku batean, gaueko ordu txikietan aurkitzen. Zure senideen eta lagunen artean ere egon daiteke", ohartarazi du Pelicotek.

Gisele Pelicot epaiketaren saiora heldu den unea, Avignonen (Frantzia). Argazkia: EFE
Gisele Pelicot epaiketaren saiora heldu den unea, Avignonen (Frantzia). Argazkia: EFE
Gisele Pelicot epaiketaren saiora heldu den unea, Avignonen (Frantzia). Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gisele Pelicot, hamarkada batez senarrak ustez drogatu eta dozenaka gizonek bortxatu zuten emakumea, epaiketan aitortu du "erabat suntsitutako emakumea" dela, eta lehen aldiz akusatu nagusiari zuzendu zaio, elkarrekin igarotako denbora luzea azpimarratuz eta "traizio neurrigabea" deitoratuz.

"Nola traizionatu ninduzun horrela? Ezezagun horiei gure logelara sartzen utzi zenien", aurpegiratu dio senar ohiari. Abusuen berri izan eta lau urtera oraindik ez dela arrazoiak ulertzeko gai izan adierazi du emakumeak. Biktimak senar ohiari zuzenean begiratzea saihestu du, eta "karga emozionalagatik" Dominique deitu dio.

50 pertsona inguru esertzen dira akusatuen aulkian Avignonen egiten ari diren epaiketa publikoan, eta bortxaketak egiaztatzen dituzten bideoak ikusi dituzte saioetan. Epaiketaren zortzi asteetan, "minduta" sentiarazi eta "ezbaian" jarri dutela uste du Pelicotek, baina, hala ere, saioak ateak irekita egitearen aldekoa izan da.

"Erabakia hartu nuenean, konturatu nintzen ez nuela lotsarik izan behar. Ezin zitzaidan ezer aurpegiratu", azpimarratu du, Mazan herri txikiko etxean, 2011 eta 2020 artean izandako abusuak salatuz, Frantziako hedabideek jasotako testigantzaren arabera.

Gisele Pelicot txalo artean iritsi da berriro Avignongo (Frantzia) auzitegira. Argazkia: EFE

Pelicotek beti defendatu du epaiketa eta akusatuak erakutsi nahi zituela, mendekotasun kimikoaren eta abusuen beste biktima batzuei laguntzeko helburuarekin, eta bere kasua erabili du erasotzailea etxe barruan egon daitekeela ohartarazteko.

"Bortxatzailea ez duzu beti aparkaleku batean, gaueko ordu txikietan aurkitzen. Zure senideen eta lagunen artean ere egon daiteke", esan du.

Defentsetako abokatuen galderei erantzunez, Gisele Pelicotek akusatu batzuen barkamen eskaerak "ulertzen" dituela adierazi du, baina berarentzat "entzun ere ezin" dituela egin gaineratu du.

"Nire ustez, bortxatzaileak dira, eta hala izaten jarraituko dute", berretsi du biktimak, eta haserre agertu da akusatuen testigantza batzuengatik eta defentsako abokatuen galdera batzuengatik.

Horregatik, hitza hartu duen azken aldia "umiliazioa" salatzeko izan da, defentsaren estrategiak ikusita: "Ni bortxatzera etorri ziren, hain da umiliagarria areto honetan entzun behar dudana".

Avignongo Auzitegiaren inguruan, Pelicot eta sexu-abusuen biktimen aldeko zenbait pankarta jarri dituzte. Emakumeak txalo zaparrada jaso du berriro epaitegira iritsi denean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Frantzia Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak