Gizartea -
DONOSTIA OSPITALEA
Onkologikoaren alboko aparkaleku kopurua nabarmen murriztu da, Donostia Ospitaleko lanak direla eta
Gaur egun aparkalekua dagoen tokian protoiterapia unitatea eta kanpo kontsulten eraikin berria eraikiko dira. Biek ala biek lur azpiko aparkalekua izango dute, baina lanek iraun bitartean ibilgailuak uzteko toki gutxiago izango da.
EITB Media
Gaurtik aurrera, Donostia Ospitalean aparkatzea are zailagoa izango da. Aparkalekua dagoen tokian protoiterapia unitatea eta kanpo kontsulten eraikin berria eraikitzeko lanak hasiko dira eta, ondorioz, hainbat plaza kendu egingo dira.
Bi eraikin berriek lur azpiko aparkalekuak izango dituzte, baina lanek iraun bitartean nabarmen murriztuko da plaza kopurua.
Aurreikuspenen arabera, behin-behineko aparkalekua abendurako prest egongo da, oraingoaren alboko lursail batean. Hala ere, 800 plaza inguru ditu gaur egungoak eta 230 baino ez behin-behinean egingo denak.
Gauzak horrela, gaur egun Donostia Ospitalean ibilgailua uzteko dauden arazoak areagotu egingo dira.
Protoiterapia unitatea
Minbizia tratatzeko eraikiko duten protoiterapia unitatea egiteko epea 24 hilabetekoa izango da, eta 60 milioi euroko kostua izango du.
Unitate berriak abangoardiako teknologia izango du, minbizia duten pertsonek izan ditzaketen arriskuak murriztuko dituena. Protoiterapiak protoiak erabiltzen ditu X izpien edo elektroien ordez, eta, horren bidez, erradiazioa gehiago lokalizatzea lortzen da. Horrela, murriztu egiten dira ondorio kaltegarriak eta tumoreak berriz garatzeko arriskua.
Erradioterapia-modalitate horrek 28 milioi euro balio du, eta oso leku gutxitan ezarri da. Euskal Autonomia Erkidegoak eta beste erkidego mugakide batzuek Amancio Ortega Fundazioak emandako azeleragailu bana erabili ahal izango dute (guztira, hamar eman ditu).
Eraikin berriak 9.625 metro koadroko azalera eraikia izango du, lau solairutan banatuta, baina espazio nagusia tratamendu-bunkerra izango da. Gainera, kontsultetarako, diagnostikorako eta plangintzarako eremuak izango ditu.