Gizartea -
Barakaldo
Oxinortek zarata hurrengo asterako murriztea espero du, baina Lutxanako herritarrak ez dira fio
Enpresak bilera egin du bizilagunekin arratsaldean, Lutxana-Barakaldoko herritarrak abuztutik gogaitzen ari den zarata gutxitzeko zer egiten ari den azaltzeko.
EITB Media
Oxinorte enpresaren lantegiak Lutxanan (Barakaldo) sortzen duen zaratak auzoa gogaitzen jarraitzen du. Osasun alorrean erabiltzeko oxigenoa eta nitrogenoa ekoizten dituen konpainiak zarata datorren asterako murriztea espero du, bizilagunei azaldu dienez.
Oxinortek bilera egin du bizilagunekin arratsaldean, Lutxana-Barakaldoko herritarrak abuztutik gogaitzen ari den zarata gutxitzeko zer egiten ari den azaltzeko.
Auzotarren ordezkariek gauez enpresaren jarduera industriala gelditzeko aukera planteatu diote Oxinorteri; izan ere, hori da herritarrentzako une kritikoena, ezin baitute behar bezala lo egin. Herritarren arabera, Oxinorte araudia betetzeaz bakarrik arduratzen da, eta ez pertsonei eragiten dizkien eragozpenez.
Enpresak "eragozpenak gutxitu" nahi ditu, baina bizilagunek salatu dute ez duela inoiz helburutzat hartu txistua erabat isiltzea.
Bestalde, Barakaldoko Udalak auzotarrak abuztutik pairatzen ari diren arazoari buruzko datuak eta dokumentazioa biltzen jarraitzen du, enpresarentzat zehapen bat ekar lezakeen espediente bat ireki ahal izateko.