Gizartea -
Epaia
7 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote Sestaon senarra hiltzeko sikario bat kontratatu zuen andreari
Erasotzaileari, bestalde, 6 urteko espetxe zigorra ezarri diote. Biek ala biek egindakoa aitortu dute. Gertakariak iazko urtarrilean jazo ziren, eta helburua hori bazen ere, zigortutakoek "ez zuten gizona hiltzea lortu".
Agentziak | EITB MEDIA
Bizkaiko Lurralde Auzitegiko 6. sekzioko epaitegiak 7 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Sestaon (Bizkaia) senarra hiltzeko sikario bat kontratatu zuen emakumeari, eta 6 urtekoa, erasotzaileari.
Gertakariak iazko urtarrilean jazo ziren, eta bi auzipetuen helburua hori bazen ere, azkenean "ez zuten lortu hiltzea" —sikarioak zauritu egin zuen—.
EAEko Auzitegi Nagusiak ohar bidez eman du epaiaren berri. Zehaztu duenez, alde guztiek (Fiskaltza, defentsa eta akusazio partikularra) adostutako epaia izan da, bi auzipetuek egindakoa aitortu baitzuten epaiketan.
Epaileek uste dute emakumea ezinbesteko laguntzailea izan zela hilketa saiakeraren delituan, eta bikotekide izateagatik astungarria ezarri diote. Gizona ere delitu beragatik zigortu dute; kasu honetan ez da astungarririk ebatzi.
Kartzela zigorraz gain, biktimari 1.025 euroko kalte-ordaina eman beharko diote egindako lesioengatik. Halaber, biktimarekin harremanetan jartzeko eta berarengana 1.000 metro baino gutxiagora hurbiltzeko debekua ere ezarri diete —15 urtez, emakumeari, eta 12 urtez, gizonari—.
Epaiak frogatutzat jo du emakumeak sikario bat kontratatu zuela "4.000 euroren truke senarra hil zezan".
Hilketa saiakera 2023ko urtarrilaren 13an gauzatu zen, 22:00etan, bikotea Sestaon aparkatutako auto baten barruan zegoenean. Une jakin batean, emakumeak dei bat jaso zuen itxurak egin zituen, eta autoko atzeko atea zabalik utzi zuen. Handik sartu zen sikarioa. Biktima aurpegian kolpatu zuen eta lepoan hainbat labankada eman zizkion, epaiaren arabera. Biktimak aurre egin zion erasotzaileari, eta borrokan aritu ziren, sikarioak ihes egin zuen arte.
Epailearen arabera, senarra hiltzeko "beharrezkoak ziren ekintza guztiak burutu zituzten", azkenean "lortu ez bazuten ere".