Gizartea -

EUSKARA

Aterpetxeetako garbitzaileen euskara eskakizuna atzera bota duen epaiari helegitea jarriko dio Aldundiak

Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko eledunak ziurtatu du "herritarren hizkuntza eskubideak" zein "Aldundiaren eskumenak" irmo defendatuko" dituztela.

Irune Berasaluze, artxiboko irudi batean. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Irune Berasaluze, artxiboko irudi batean.
Irune Berasaluze, artxiboko irudi batean. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea jarriko du egonkortze prozesuan aterpetxeetako garbitzaile posturako ezarri zituen hizkuntz eskakizunak atzera bota dituen epaiaren aurka. CCOO sindikatuak eraman zuen gaia auzibidera, eta Donostiako epaitegi batek arrazoia eman dio. Garbitzaile postu guztietarako euskara eskakizuna ezartzea "baztertzailea eta gehiegizkoa" dela iritzi dio kasua aztertu duen epaileak.

Hedabideen aurrean gaur egindako adierazpenetan, Irune Berasaluze Gipuzkoako Aldundiko eledunak ziurtatu du "herritarren hizkuntza eskubideak" zein "Aldundiaren eskumenak" irmo defendatuko" dituztela.  Erantsi duenez, plantilla egonkortzeko Aldundiak abiatu dituen prozesuek "lege berme guztiak" dituzte, eta gogor kritikatu du epaia.

Berasaluzeren hitzetan, euskararen kontra azkenaldian kaleratzen ari diren sententziak "urtetan herri honetan lortutako adostasunen aurka doaz".  Aldundiaren  zerbitzu publikoen erabiltzaile guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko "konpromisoa" berretsi du, "gizarteak hala eskatzen" duelako. 

Epaiaren berri emateko atzo zabaldutako oharrean, CCOOk nabarmendu zuen "lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak bateragarriak" direla, betiere, "proportzionaltasun soziolinguistikoak errespetatuta". Bere jarrera defendatzeko emandako argudioen artean, sindikatuak dio aterpetxeetako garbitzaileek "txanda bakoitzeko 3 edo 4 laguneko taldetan" lan egiten dutela, eta horietatik bakarrak edo bik dutela zuzeneko harremana erabiltzaileekin "otorduetan". "Gainerako denbora guztian, garbiketa lanak egiten dituzte, erabiltzaileekin harremanik izan gabe", zehaztu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Donostia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Gipuzkoako Foru Aldundia