Gizartea -
Golardoa
MikroARNa aurkitu zutenei emango diete aurtengo Medikuntzako Nobel saria
Victor Ambros eta Gary Ruvkun zientzialariak dira saritutakoak. ARN molekula berri batzuk atzeman zituzten, txiki-txikiak, geneen erregulazio gako direnak.
Agentziak | EITB Media
Victor Ambros eta Gary Ruvkun zientzialariei emango diete 2024ko Medikuntzako Nobel saria, Stockholmeko (Suedia) Karolinska Institutuak gaur jakinarazi duenez. Biek ala biek geneen erregulazioan gako diren mikroARNak aurkitu zituzten.
"C.elegans har txikiarekin egin zuten aurkikuntzak erregulazio genetikoaren printzipio eraberritzaile bat utzi zuen agerian. MikroARNak izaki zelulaniztunen, gizakiak barne, funtzionamendu eta garapean ezinbesteko elementuak dira", nabarmendu du epaimahaiak saria jakinaraztean.
Ambrosek eta Ruvkunek, biak ala biak estatubatuarrak, gene ezberdinak sortzeko prozesua ikertu nahi izan zuten. "C.elegans" zizare txikia aztertu zuten horretarako. Txikia izanagatik (milimetro bat luze), har horrek espezializatutako zelula mota asko ditu (nerbio zelulak edo gihar zelulak, esaterako), animalia handiagoek dituztenak bezalatsu. Har txiki hori eredu bikaina bihurtu zen izaki zelulaniztunetan ehunak nola garatzen diren ikertzeko.
Epaimahaiaren arabera, bi ikerlariek "aurkikuntza iraultzailea" egin zuten. "Orain badakigu giza genomak 1.000 mikroARN baino gehiago kodifikatzen dituela".