Gizartea -

Epaiketa

Aintzane Pujana hiltzea egotzita akusatutako emakumea "tratu txarrak jaso dituen biktima" da, aitaren ustez

Akusatuaren aitaren deklarazioa izan da Donostian egiten ari diren epaiketako seigarren jardunaldiko muina. Alaba ez dela "inoiz oldarkorra izan" esan du.

Epaiketa egiten ari diren aretoa. Argazkia: EFE.
Epaiketa egiten ari diren aretoa. Argazkia: EFE.
Epaiketa egiten ari diren aretoa. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2021eko urtarrilean Aizarnazabalen Aintzane Pujana labankadaz hiltzeagatik akusatutako emakumea izan dituen bikotekideen "biktima gisa" aurkeztu du aitak epaiketan, eta haien "tratu txarrak eta bortxaketak jasan" izan dituela adierazi du.

Aintzane Pujanaren bahiketa eta hilketa argitzeko epaiketa egiten ari dira egunotan Gipuzkoako Auzitegian. Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatzen du delituez akusatutako bikoteko kideentzat. Seigarren jardunaldiko muina emakumearen aitaren deklarazioa izan da.

Aitak alabak izan duen bizitza kontatu du, 3 urterekin adoptatu zutenetik hilketa gertatu zen unera arte.

Haren aburuz, akusatua izan dituen bikotekideen biktima izan da. Horietako bik tratu txarrak eman zizkiotela esan du: batek prostituitzera behartu zuen eta besteak bortxatu egin zuen.

Hala ere, ez zion tratu txarren seinalerik sumatu azken bikote-harremanari, akusatuen aulkian esertzen den gizonarekin egon zenean.

Halaber, txikitatik gizarteratzeko "arazoak" izan dituela azaldu du, eta "legearekin arazoak zituzten pertsonen onarpena" bilatu duela beti.

Azken urteetan "protoautismoa" eta "mugako nortasunaren nahasmendua" diagnostikatu dizkiotela ere aitortu du. Legez ezgaitzen saiatu zirela ere jakinarazi du, "haur batek bezala funtzionatzen zuelako".

Hala ere, alaba ez dela inoiz "oldarkorra izan" jakinarazi du eta ez du uste Aintzane Pujana hiltzeko gai izan zenik.

Epaiketak ostiralean jarraituko du, Ertzaintzako zenbait agenteren eta akusatuaren defentsak proposatutako hiru lekukoren deklarazioekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak