Gizartea -
Tiroketa Barakaldon
Espetxera bidali dituzte Barakaldoko tiroketarekin lotuta atxilotutako lagunetatik bost
Seigarren atxilotua aske utzi dute, deklaratu ostean. Zazpigarrena, berriz, erietxean ingresatuta dago, atxilotuta, eta ez da epailearen aurretik pasa.
Agentziak | EITB MEDIA
Igandean Barakaldon izan zen tiroketarekin lotura zutelakoan atxilotuetako zazpi lagunetatik bost, hiru gizon eta bi emakume, espetxera bidali ditu Barakaldoko 4. Instrukzio Epaitegiko titularrak. Behin-behineko espetxealdi komunikatua eta fidantzarik gabea ezarri die. Autoaren arabera, erailketa-delitu bat eta bi erailketa-saiakera delitu dira egozten zaizkien egitateak.
Seigarren atxilotu bat askatu dute, behin-behinean, fidantzarik gabe, eta aldian-aldian eta deitzen dioten guztietan epaitegira joan beharko du.
Halaber, epaitegiak kautelazko neurriak ezarri dizkie seiei: debekatuta dute suzko armaz zauritu zirenekin komunikatzea eta 500 metro baino gutxiagora hurbiltzea.
Ertzaintzak epailearen esku utzi ditu asteazkenean atxilotutako zazpi lagunetatik sei, beharrezko eginbideak amaitu ostean, Barakaldoko epaitegiko titularraren aurrean deklaratu dezaten. Zazpigarrena ospitaleratuta dago, atxilotu gisa, eta oraindik ez diote deklaraziorik hartu.
Ertzaintzak 30 eta 58 urte bitarteko bost gizon eta bi emakume atxilotu zituen igandean, Barakaldoko tiroketan nahastuta zeudelakoan. Halaber, zortzigarren pertsona bat (gizonezkoa) atxilo hartu zuten Gurutzetako Ospitalean, agintaritzari desobeditzea egotzita. Izapideak amaitu ondoren, ordea, aske utzi zuten.
Astelehen arratsaldean atxilotuen etxebizitzak miatu zituzten, froga bila, haietako batzuk bertan zirela. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, miaketa horietan arma ugari atzeman zituzten: bost eskopeta, bi errebolber, pistola bat, hainbat kalibretako munizioa, labana automatikoak, matxeteak eta bestelako arma zuriak.
Igande arratsaldean Barakaldoko Burtzeña auzoko bi familiaren artean izandako liskar batean gizon bat hil eta bi pertsona zauritu ziren. Bi zaurituek (adin txikiko bat tartean) Gurutzetako Ospitalean jarraitzen dute.
Lehen unean, Ertzaintzak 36, 38 eta 26 urteko hiru gizon atxilotu zituen, borroka gertatu zen lekuan. Gerora, lau pertsona gehiago atxilotu zituen.