Gizartea -

EPAIA

1.800 euroko isuna ezarri diote Bilboko udaltzain bati, motorzale baten zuhurtziagabekeriazko hilketa egotzita

Gainera, 112.183 euroko kalte-ordaina eman beharko die gurasoei eta 14.862 eurokoa arrebari, eta ezingo du ibilgailu motordunik gidatu zortzi hilabetez.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Probintzia Auzitegiko lehen sekzioak sei hilabeteko isuna, eguneko 10 euroko kuota ordainduta (1.800 euro), ezarri dio Bilboko udaltzain bati, zuhurtziagabekeriaz jokatu eta motorzale bat hiltzea egotzita. Motorzalea agenteak gidatzen zuen ibilgailuaren aurka talka egin ostean hil zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ondorioztatu duenez, udaltzainari zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren delitu ez hain astuna egin izana egozten zaio, bidegabeko atzerapenen aringarriarekin.

Isunaz gain, auzitegiak zortzi hilabetez ibilgailu motordunak gidatzeko eskubideaz gabetzea ezartzen dio, eta Bilboko Udalaren aseguru-etxe eta konpainia subsidiario baten erantzukizun zibil zuzenarekin, hildako motor-gidariaren gurasoei 112.183 euroko kalte-ordaina eta haren arrebari 14.862 eurokoa ematea ezartzen du.

Prozedura horren xede diren gertakariak 2019ko abenduaren 28ko goizaldean gertatu ziren. Akusatua eta lankide bat ibilgailu ofizialarekin patruilatzen ari ziren Bilboko erdigunean, eta diskoteka batera joateko eskatu zieten, istilurik gerta zitekeelakoan.

Epaian jasotzen denez, agenteek "egoera premiazkotzat" jo zuten, larrialdietako argiak piztu zituzten eta diskotekara joan ziren.

Une jakin batean, kopilotuak argiak "itzali" zituen, gidariari "abisatu gabe", eta lehenengoak hori aitortu zuen epaiketan. Bidegurutze batera iritsitakoan, polizia-autoak ez zuen semaforo gorria errespetatu, eta "larrialdiko argirik eta hots-seinalerik gabe" sartu zen kalean. Hala ere, gidatzen ari zen agenteak uste zuen argi horiek "aktibatuta zeudela semaforoa gorriz igarotakoan".

Semaforo berdea ikusita elkargunetik igarotzen ari zen motorzale batek poliziaren ibilgailuaren atzeko atearen kontra talka egin zuen, eta kolpearen ondorioz hil zen.

Poliziaren ibilgailua 45 kilometro orduko abiaduran zihoan, eta motozikleta 64 km/h-ko abiaduran. Istripuaren eremuan baimendutako gehieneko abiadura 30 km/h-koa zen.

Akusazio partikularrak epaiketan adierazi zuen zuhurtziagabekeria larritzat jo behar zela, eta Fiskaltzak eta defentsak, berriz, larritasun gutxiagoko kalifikazioa defendatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak