Gizartea -

BAKEAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Nafarroako Gobernuak UNRWA saritu du palestinarrekin egiten duen lanagatik

2023ko urriaren 7tik, 40.000 haur eta neraberi lagundu die UNRWAk jolas-jardueren bidez eta banakako zein taldeko kontsulta psikosozialen bidez. Gainera, polioaren aurkako kanpainaren lehen fasea amaitu berri dute Gazan, 10 urtez azpiko 558.000 haur txertatuta.

Maria Chivitek Raquel Martiri (UNRWA) saria eman dion unea. Argazkia: Gobierno de Navarra
Maria Chivitek Raquel Martiri (UNRWA) saria eman dion unea. Argazkia: Gobierno de Navarra
Maria Chivitek Raquel Martiri (UNRWA) saria eman dion unea. Argazkia: Gobierno de Navarra

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Palestinako Iheslarientzako Nazio Batuen Agentzia (UNRWA) saritu du gaur Nafarroako Gobernuak Tuteran, irailaren 21a Bakearen Nazioarteko Eguna dela eta egindako ekitaldi batean.

NBEren Agentziak Sirian, Libanon eta Jordanian zein Gazako eta Zisjordaniako lurraldeetan dauden errefuxiatu palestinarrei hezkuntza, osasuna, laguntza humanitarioa eta gizarte-zerbitzuak bermatzea du helburu.

5,9 milioi pertsonako komunitatea osatzen dute errefuxiatu palestinarrek, mundu osoko errefuxiatuen ia laurdena dira, eta 1.000 instalazio baino gehiago ditu UNRWAk horiei guztiei laguntzeko. 30.000 langile ditu agentziak, eta horien % 99 errefuxiatuak dira.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak nabarmendu duenez, "zailtasun handien erdian", "erreferentzia izan da UNRWA oinarrizko zerbitzurik ez duten biztanleentzat, osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuen arloan laguntza emanez".

Halaber, Gazan etxeak, eskolak eta ospitaleak berreraikitzeko 40.000 milioi dolar beharko direla ohartarazi du, eta 2 milioi errefuxiatu baino gehiagoren osasun fisiko eta mentala zaintzea "belaunaldietako lana" izango dela.

Raquel Marti UNRWAk Espainian duen zuzendari exekutiboak Nafarroako Gobernuaren eta herritarren babesa eskertu du bere hitzaldian, eta gogora ekarri du 2006an hasi zirela Foru Erkidegoan lanean.

Nabarmendu duenez, 2023ko urriaren 7tik UNRWAk 40.000 haur eta neraberi baino gehiagori lagundu die, bai jarduera ludikoen bidez, bai inoren kargura ez dauden haurrei laguntzeko saioen eta banakako eta taldeko kontsulta psikosozialen bidez ere.

UNRWAk eta bere bazkideek amaitu berri dute polioaren aurkako kanpainaren lehen fasea Gazan. 10 urtetik beherako 558.000 haurri baino gehiagori jarri diete polioaren kontrako txertoa Gazako Zerrendan.

Agentziako langileen izenean mezu bat helarazi nahi izan du, eta "Gazan gertatzen ari denarekin ez ohitzeko" eskatu die bertaratutakoei, "onargarria den zerbait" bihur ez dadin.

"Ez utzi Gazari buruz hitz egiteari, ez utzi Palestinari buruz hitz egiteari, ez baztertu begirada, minduta egon arren, eta babestu nire lankideak bezala bizitza bertan uzten ari diren pertsonei laguntzen", adierazi du Martik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Tutera NBE Gazako Zerrenda Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Palestina