Gizartea -
Abisu horia
Asteazkenekoak baino handiagoak izan arren, marea biziek ez dute aparteko arazorik sortu
Hala ere, urak hainbat kale hartu ditu, ur putzu handiak sortuz. Pasai Donibaneko hainbat lekutan ura sartu da, eta Zumaian, itsas goran, urak kirol portua hartu du. Nerbioi itsadarrak gainezka egin du Zorrotzaurren (Bilbo) eta Erandion.
EITB MEDIA
Atzokoak baino handiagoak izan arren, marea biziek ez dute aparteko arazorik sortu. Hala ere, urak hainbat kale hartu ditu, ur putzu handiak sortuz.
Pasai Donibaneko hainbat lekutan ura sartu da, eta Zumaian, itsas goran, urak kirol portua hartu du.
Nerbioi itsadarrak gainezka egin du Zorrotzaurren (Bilbo) eta Erandion. Bilboko Udaleko agintariak, Udaltzaingoa eta Babes Zibileko langileak inguruan izan dira, urak kaiko lur-zakuen ilara hartzen zuen bitartean. Jendea Zorrotzaurre ingurura hurbildu da marea biziek utzi duten irudia ikustera. Ura San Inazio kaleko estoldetatik atera da.
Erandion, emaria gutxitzen hasi denean, ura husteko irekitako estolda kopurua murriztu egin da, eta Obieta kale itxita egon ondoren berriz ireki dute. Gainera, Urdaneta kaletik zirkulazioa eten behar izan dute, eta Getxotik hegoalderantz zihoazen auto guztiek beste errepide batzuk hartu behar izan dituzte.
Bigarren egunez jarraian, itsasaldeko arriskuagatik ezarritako abisu horia indarrean da berriro, 20:00etara arte. Dagoeneko abisu horia indarrean egon zen atzo, 17:00etatik 19:00etara.
Gaur itsasgora 18:23an izan da, eta 5,12 metroko marea. Olatuen altuera adierazgarria 0,5-1 metro ingurukoa izango da.
Bihar, ostirala, 18:00etatik 20:00etara egongo da indarrean abisua, itsasgora 19:05ean baita. Estimatutako marearen altuera 5,03 metrokoa izango da eta olatuen altuera adierazgarria, 0,5-1 m ingurukoa.
Marea biziak: zer dira eta zergatik sortzen dira?
AZTIren azalpenaren arabera, iraila-urria eta otsaila-martxoa dira marea biziak izateko arrisku gehieneko hilabeteak. Halere, baliteke urteko beste sasoi batean ere fenomeno hau gertatzea.
Itsasaldiak ilargiaren eraginez sortzen dira, eta marea biziak, batez ere, ilberrian edo ilbetean gertatzen dira. Ilargiaren eta eguzkiaren grabitate-indarrak batu egiten dira, eta marea biziak sortzen dira.
Ilbehera eta ilgora denean, berriz, kontrakoa gertatzen da: ilargiaren eta eguzkiaren grabitate-indarrek batak bestearen aurka egin, eta marea hilak deiturikoak sortzen dira.