Gizartea -
Abisu horia marea biziengatik
Itsasadarra gainezka egiteko zorian izan da Bilbon, eta itsasgorak ez du inolako arazorik sortu Donostian
Nerbioi itsasadarra gainezka egiteko zorian izan da, baina putzu txikiren bat baino ez du eragin Erandion eta Bizkaiko hiriburuan. Donostian, itsasgorak ez du inolako arazorik eragin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek ez dute irteerarik egin behar izan.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du asteazken, ostegun eta ostiralerako, itsasaldan izan daitezkeen arriskuak direla eta.
Itsasaldeko arriskuagatik ezarritako abisu horia indarrean egon da gaur, 17:00etatik 19:00etara.
Asteazkeneko itsasgoran Nerbioi itsasadarra gainezka egiteko zorian izan da, baina putzu txikiren bat baino ez du eragin Erandion eta Bizkaiko hiriburuan. Horrela, ez du eraginik izan ibaiertza zeharkatzen duen errepideko trafikoan.
Gaur arratsaldean, 17:41ean, itsasgorak ez du inolako kalterik eragin Bizkaian, baina Nerbioi itsasadarra gainezka egiteko zorian izan da. Esan bezala, putzu txikiren bat eragin du Erandion eta Bilbon, Elorrietako bihurgunean, Erandiorekin muga egiten duen eremuan, Udalak zehaztu duenez.
Donostian ez da inolako arazorik izan itsasgorarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek ez dute irteerarik egin behar izan.
Ostegunean abisu horia aktibatuko da berriro, 17:00etatik 20:00etara. Marea oso bizia izango da, eta, beraz, itsasgoraren inguruan, itsasaldiek sarri jotzen dituzten eremuetan, olatuez gain, gainezka egin dezake urak.
Itsasgora 18:23an izango da, eta 5,12 metroko marea izango dugu orduan. Olatuen altuera adierazgarria 0,5-1 metro ingurukoa izango da.
Ostiralean 18:00etatik 20:00etara egongo da indarrean abisua, itsasgora 19:05ean baita. Estimatutako marearen altuera 5.03 metrokoa izango da eta olatuen altuera adierazgarria, 0,5-1 m ingurukoa.
Marea biziak, zer dira eta zergatik sortzen dira?
AZTIren azalpenaren arabera, iraila-urria eta otsaila-martxoa dira marea biziak izateko arrisku gehieneko hilabeteak. Halere, baliteke urteko beste sasoi batean ere fenomeno hau gertatzea.
Itsasaldiak ilargiaren eraginez sortzen dira, eta marea biziak, batez ere, ilberrian edo ilbetean gertatzen dira. Ilargiaren eta eguzkiaren grabitate-indarrak batu egiten dira, eta marea biziak sortzen dira.
Ilbehera eta ilgora denean, berriz, kontrakoa gertatzen da: ilargiaren eta eguzkiaren grabitate-indarrek batak bestearen aurka egin, eta marea hilak deiturikoak sortzen dira.