Gizartea -
FENOMENO ASTRONOMIKOAK
Superilargiak eta ilargi-eklipse partzialak bat egingo dute irailaren 18an
Astronomiazaleek bi ikuskizunez gozatu ahal izango dute, aldi berean, asteazkenean. Eklipsea ikusteko ordurik onena 04: 14 aldera izango da, superilargia bere puntu gorenean egongo baita orduan.
E. JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Asteazken honetan, irailaren 18an, 2024ko bigarren ilargi-eklipse partziala ikusi ahal izango da Euskal Herrian. Eguzkia, Lurra eta Ilargia lerrokatzen direnean, Ilargia Lurraren itzalpean geratzen da, eta horixe gertatuko da gau horretan, partzialki bada ere.
Espainiako Behatoki Astronomiko Nazionalaren (OAN) arabera, eklipsea ez da oso nabarmena izango, baina bai ikusteko modukoa. 04:14an hasiko da, eta fase partzialak 30 minutu inguru iraungo du. Erabateko eklipsea izango ez den arren, fase partziala ondo bereizi ahal izango da, Ilargiaren ertz bat Lurreko itzalak estaltzen duenean.
Gainera, ilargi-eklipseak eta iraileko superilargiak bat egingo dute. Ilargia Lurretik gertu egongo denez, ohiko ilargi betea baino handiagoa eta distiratsuagoa izango da.
Bi ikuskizun astronomikoen konbinazioa Europa hegoaldetik eta mendebaldetik, Afrikatik, Amerikatik eta Ozeano Baretik ikusi ahal izango da begi hutsez, arriskurik gabe eta inolako instrumentu berezirik gabe.
Hurrengo ilargi-eklipsea 2025eko martxoaren 14an izango da. Orduan bai, erabateko ilargi-eklipsea gertatuko da.
Duela bi urte, 2022ko maiatzean, azken hamarkadetako eklipse luzeena izan zen.