Gizartea -

ARAU BERRIA

Etxeko langileentzat, eskubide berriak: doako osasun-azterketak eta lan-arriskuak ebaluatzea

Halaber, Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur onartu duen errege-dekretuak indarkeria eta jazarpen egoeretan jarduteko protokoloa aurreiskusten du etxeko langileentzat.

Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan-arriskuak ebaluatzea, arriskuen prebentziorako online ikastaroa eta doako osasun-azterketak. Hemendik aurrera etxeko langileek izango dituzten eskubideetako batzuk dira horiek, orain arte ez zituztenak. Espainiako Gobernuak Ministroen Kontseilura eraman duen errege-dekretuan daude jasota, eta, aurreikusita zegoen bezala, onartu egin da etxeko langileen eskubideak zabaltzen dituen testu berria.

Hala, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalak lanpostuen arriskuak ebaluatzeko tresnak jarriko ditu kontratatzaileen eskura, eta arriskuei eta prebentzioari buruzko formaziorako online ikastaroa egiteko aukera izango dute langileek.

Bestalde, mediku-azterketak doan egiteko aukera ere izango dute aurrerantzean etxeko langileek, eta hori ere administrazio publikoak hartuko du bere gain. Etxe batean baino gehiagotan lan egiten duten pertsonek osasun azterketa bakarra egitea nahikoa izango dute. Beti, langileak berak nahi badu egingo du azterketa.

Lan-arriskuei buruzko ikastaroa derrigorrean egin beharko dute langileek: euren lan ordutegian egingo dute, eta hala ez bada, ikastaroan igarotako orduak libratzeko aukera izango dute. Kontratazaileek, beren aldetik, lanerako ezinbestekoak dituen "tresna egokiak" jarri beharko ditu langilearen eskura.

Testu berriak, halaber, etxeko lanetan indarkeria eta jazarpen egoerei aurre egiteko jarduera protokolo bat aurreikusten du. Protokolo hori Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalak prestatuko du, errege-dekretua argitaratu eta urtebeteko epean, gehienez ere.

Dekretua ez da 2026ko urtarrilera arte indarrean sartuko.

Biztanleria Aktiboaren Inkestak (BAI) bildutako datuen arabera, etxeko langileen % 88,9 emakumeak dira, eta ia erdiak, migratzaileak.

Ministroen Kontseiluaren ondorengo agerraldian, Yolanda Diazek adierazi du "emakume ikusezinak, gure bizitzei eusten dietenak, zaintzen gaituztenak eta duela gutxi arte eskubiderik aitortzen ez zitzaienak" babesteko araua dela gaur onartutakoa.

Espainiako Estatuan lehen aldiz aitortu zaizkie halako eskubideak etxeko langileei.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Espainiako Gobernua Langileen nazioarteko eguna Gizartea Eguneko albisteak Albisteak