Gizartea -

EITB Data

10 nerabetik 8k ez dute inolako araurik eta mugarik mugikorraren erabileran

Heren batek interneten eta sare sozialen kontrolik gabeko erabilera egiten du, eta gurasoen % 26k aitortzen dute ez dutela sareko segurtasunari buruzko ezagutzarik.

Haur eta gaztetxoen gehiengoak ez du araurik ezta mugarik ere mugikorra erabiltzean. EITB Media.
Haur eta gaztetxoen gehiengoak ez du araurik ezta mugarik ere mugikorra erabiltzean. EITB Media.
Haur eta gaztetxoen gehiengoak ez du araurik ezta mugarik ere mugikorra erabiltzean. EITB Media.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guraso asko kezkatuta daude seme-alabek telefono mugikorrarekin egiten duten erabilera eta konektatuta ematen duten denbora ikusita. Gaztetxoek 10 edo 11 urte betetzen dutenean "kontrola galtzen dutela" sentitzen dute; alegia, seme-alabei mugikor propioa ematen dietenean eta euren logeletan bakarka denbora gehiago pasatzen hasten direnean.

Hala ere, UNICEFen "Teknologiaren eragina nerabezaroan 2023" txostenaren arabera, 11 eta 15 urte bitarteko gazteen % 26,5i jarri dizkiete mugikorraren erabilerari buruzko arauak. % 22,1ek adierazi dute erabilera orduak mugatuta dituztela eta % 11,8k edukiak mugatuta dituztela.

Erabilera-denbora mugatzea, mugikorrik gabeko uneak ezartzea (otorduak edota lotarako garaia, adibidez), datu pertsonalak zabaltzeko debekua eta ezezagunekin hitz egitearen debekua dira jarri ohi diren arau ohikoenak.

Nerabe gehienak ordea, gurasoak aurrean ez daudenean konektatzen dira; gauean, adibidez. Hori da kontrolik ezaren faktoreetako bat. Datuak esanguratsuak dira: EAEko eta Nafarroako nerabeen erdiek baino gehiagok mugikorra alboan dutela egiten dute lo (% 56,3 eta % 53,6 hurrenez hurren). Are gehiago, heren batek bakarrik adierazi du gauerditik aurrera ez dela inoiz, edo oso gutxitan; eta kontrara, 10 gaztetik 4k aitortzen dute egunero edo astean behin baino gehiagotan konektatzen direla.

Hamarretik lauk gauerditik aurrera konektatzen direla onartzen du. Argazkia: EITB Media.

Ildo horretan, arrisku-egoerak (sexu-proposamenak, ezezagunekin konektatzea, xantaiak, pornografia...) bizi izan dituztela aitortzen duten nerabeen ehunekoa bikoiztu egiten da gauerditik aurrera sartzen direnen artean.

Bestalde, Unicefek dio 11 eta 15 urte bitarteko gazteen % 30 inguruk Internet eta sare sozialak modu problematikoan erabiltzen dutela. Oso sarritan konektatuta egotea, konektatzeko premia izatea, konektatuta egon ahal izateko gainerako harreman sozialak eta familiarrak alde batera uztea, arazoei ihes egiteko Internet erabiltzea eta antzerako jokabideekin lotzen dute erabilera probematiko hori.

Kasu askotan, gainera, gurasoek ez dakite sarean egon daitezkeen arriskuen kudeaketan seme-alabak nola hezi. Gurasoen % 26k aitortu dute ez dutela sareko segurtasunari buruzko ezagutzarik.

Halaber, Estatuko biztanleen % 53ren ustez haur eta gazteei ingurune digital segurua eskaintzeko ez da aurrerapausorik eman azken urteetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Sare sozialak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Internet Gazteak EITB Data