Gizartea -
Nafarroa
Bi gazte larri zauritu dira Eguesibarren, quad batek furgoneta baten kontra talka eginda
Ezbeharra bart jazo zen, Elkano kontzejuko herrigunean. 16 urteko emakume batek gidatzen zuen ibilgailua eta, gidabaimenik ez zuenez, auzipetu dute. Tuteran, 'buggy' motako ibilgailu batek istripua izan du, eta lau pertsona zauritu dira.
Agentziak | EITB Media
Bi pertsona, tartean 16 urteko neskato bat, larri zauritu ziren bart, zihoazen quadak furgoneta baten kontra talka eginda. Ezbeharra Elkano kontzejuan (Eguesibar, Nafarroa) jazo da. Adingabeak gidatzen zuen quada, eta gidabaimenik ez zuenez, auzipetu egin dute.
Istripua Elizamendi kaleko 12. zenbakiaren parean gertatu da, 01:40 aldera. Medikalizatutako anbulantzia bat, asistentziarik gabeko beste bat eta Foruzaingoaren hainbat patruila bertaratu dira.
Quadean zihoazen bi lagunak, 20 urteko gizonezkoa eta 16 urteko emakumezkoa, larri eraman dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera.
Foruzaingoak ikerketa abiatu du, ezbeharraren nondik norakoak argitzeko. Gainera, gidaria ikerketapean jarri du, gidabaimenik ez edukitzeagatik. Agoizko epaitegiaren esku geratu dira izapideak.
Lau pertsona zauritu dira Tuteran
Antzeko ibilgailu batekin, buggy motako batekin (harean ibiltzeko prestatua, txasis arina eta gurpil handiak dituena), istripua izan zuten beste lau pertsona artatu behar izan zituzten atzo, asteartean, Tuteran.
Ezbeharra 19:30ean jazo zen. Zauritutakoak 37 urteko gizonezko bat, 38 urteko emakumezko bat eta 11 eta 7 urteko bi neskato dira. Denak ere Tuterako Reina Sofia ospitalera eraman zituzten, zauri arinekin.