Gizartea -
Aste Nagusia
Bilboko Konpartsek arriskuan ikusten dituzte jai herrikoiak, TicketBAI sistema dela eta
Konpartsetako lana "borondatezkoa" eta irabazi asmorik gabekoa izaten dela esan dute, eta "enpresak bagina bezala tratatzea" leporatu diote Bizkaiko Foru Ogasunari. Iruzur fiskala arbuiatzeaz gain, "alternatibak" bilatzearen aldeko deia egin dute.
EITB Media
Bilboko Konpartsek ohartarazi dutenez, Aste Nagusiaren eta, oro har, jai herrikoien bideragarritasuna arriskuan dago 2026tik aurrera txosnetan TicketBAI sistema informatikoa ezartzen bada. Sistema hori da saltokiek eta ostalaritza-establezimenduek salmenta guztiak erregistratzeko eta zergak ordaintzeko erabili behar dutena.
TicketBAI "inposatu" nahi dietela eta, gogorarazi dute konpartsetako lana "borondatezkoa" eta irabazi asmorik gabekoa izaten dela, eta "enpresak bagina bezala tratatzea" leporatu diote Bizkaiko Ogasunari.
Sistema hori ezartzeko, gainera, "azpiegitura, trebakuntza eta baliabide tekniko konplexuak" behar direla esan dute, txosnetan dauden boluntarioek nekez egin ditzaketenak.
Konpartsek iruzur fiskalaren aurkako jarrera berretsi, eta "bide alternatiboak bilatzeko borondatea" agertu dute, baina "betiere jai herrikoiak arriskuan jarri gabe".
Bandera marroia eta urdina, eta gainerako sariak
Hain zuzen ere, Bilboko Konpartsek Bizkaiko Foru Ogasunari eman diote aurtengo bandera marroia, "jai herrikoiak oztopatzen eta kaltetzen egindako ahaleginagatik, Bizkaiko jai batzordeen txosnei TicketBAI sistema nahitaez eta itsuki ezarriz".
Bilboko konpartsek jakinarazi dutenez, larunbatean banatu zituzten bandera urdina eta bandera marroia, jaiak lagundu eta oztopatu dituztenei, hurrenez hurren.
Bandera urdina, berriz, Mbolo Moye Dooleko jendearentzat izan da. "Azkenaldian adiskidetasun eta elkartasun harreman bat garatu dugu Bilboko manteroen kolektiboarekin, eta bandera urdinarekin azkenaldian hain jazarria izan den kolektibo honen lana nabarmendu nahi izan dugu", adierazi dute.
Halaber, Palmada Saria, konpartsen arteko lehiaketan jai-programazioko ekitaldietan parte hartuz Aste Nagusia gehien animatzen duena nabarmentzekoa, Altxaporrue konpartsari eman diote.
Piraguen sariak ere banatu dituzte gaurkoan. Piztiak geratu da lehen postuan, eta Aixeberri bigarrenean.