Gizartea -
Osakidetza
Laudioko gobernu taldeak salatu du pertsona bat hil dela ZIU mugikorrean medikurik ez egoteagatik
Bestalde, Osasun Sailaren arabera, Osakidetzak eskura zituen baliabideak "une bakoitzean zuen informazioarekin" mobilizatu zituen.
Agentziak | EITB Media
Laudioko Udaleko gobernu taldeak eta Ainize Gastaka alkateak salatu dute bizilagun bat hil dela Arabako udalerriko "ZIU mugikorrean medikurik ez egotearen ondorioz".
Bestalde, Osasun Sailak EFEri egindako adierazpenetan azaldu duenez, pazienteak bihotzeko lesio "oso larria" zuen, eta Osakidetzak eskura zituen baliabideak "une bakoitzean zuen informazioarekin" mobilizatu zituen. Ospitalean hil zen, anbulantzia batean eraman ondoren.
Osasu Sailaren arabera, ostiral goizaldean, pazientea bere etxean suspertu ahal izan zuten bihotz-geldialdi baten ondoren, eta, aldi berean, bizi-euskarri aurreratua duen anbulantzia bat eskatu zioten Bilboko koordinazio-zentroari. Anbulantzia hori "15 minutuan iritsi zen etxera, Bizkaiko ospitale batera eramatea erabaki zuten mediku anestesistekin".
"Pazienteak tratamendu espezializatua jaso zuen, bihotz-kateterismoa barne, baina, zoritxarrez, bihotzeko lesioa oso larria zen eta heriotza eragin zion", azaldu du.
Osasun Sailak berretsi du bere helburua dela, ahal den guztietan, larrialdi mediko guztietan erantzun-denborak eta asistentziaren kalitatea hobetzea.
Egoera "onartezina" da Udalarentzat
Ohar batean, gobernu taldeak egoera "onartezina" dela esan du. "Berriz ere herritarren bizitzak arriskuan jartzen dituzten politiken ondorio tamalgarriei aurre egin behar diegu Laudion. Momentu hauetan egoera lazgarri hau pairatzen ari diren familien ondoan jartzen gara, beraien dolua herritar guztiona bilakatu da, are gehiago herriko jaiak ospatzen ari garen egun seinalatu hauetan", adierazi du alkateak.
Larrialdietarako plan bat eskatu du PPk
Bestalde, Laura Garrido EAEko PPko idazkari nagusiak "berehalako neurriak" eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari Osakidetzan, baita Larrialdi Zerbitzurako plan bat ere; izan ere, Jaurlaritzaren neurriak, "argi eta garbi, ez dira nahikoak izan", eta horren erakusgarri da "zorigaiztoko gertaera, dirudienez, behar bezalako arretarik ez izateagatik hil baita".
"Premiazko osasun-arretak berehalako neurriak eskatzen ditu Euskadin, eta neurri horiek ezin dira atzeratu, ezta egun bat gehiago ere. Berriro eskatzen dugu Euskadiko larrialdi-zerbitzurako talka-plan bat, bai gailuak birdimentsionatzeko, bai behar bezala hornitzeko. Anbulantzia medikalizatuez ari bagara, mediku bat izan behar du", esan du Garridok Europa Pressi egindako adierazpenetan.