Gizartea -
ARRANTZA
Hegaluzearen kostera urrira arte luzatu daiteke, arrantzaleek kuotaren erdia baino gutxiago agortu dutelako
Estatuari esleitutako hegaluzearen kuotaren % 41 arrantzatu dute aurten, abuztura arte. Prezioari dagokionez, 3,5 euroan saldu da kiloa batez beste.
Agentziak | EITB Media
Arrantzaleek hegaluzearen kuotaren % 41 arrantzatu dute aurten, abuztura arte, eta, ondorioz, zazpi urtean lehen aldiz, oso litekeena da kostera urrira arte luzatzea. Azken urteetan, abuztua amaieran edo iraila hasieran amaitu dute kanpaina.
Kofradia- Itsas Etxea egitasmoak jakinarazi duenez, abuztura arte 9.840 tona hegaluze porturatu dituzte Gipuzkoako portuetan (Getarian, Pasaian eta Hondarribian, nagusiki), iaz baino 4.000 tona gutxiago.
Estatu espainiarrak 24.495 tonako kuota du aurten, 2023an baino % 30,26 gehiago.
Kofradia-Itsas Etxetik adierazi dutenez, hegaluzearen aurtengo kanpaina "oso eskas hasi zen", baina "erritmoa berreskuratu" ostean "normaltasunez" garatzen ari da.
Prezioari dagokionez, hegaluze kiloa aurreko urteetan baino merkeago saldu da lonjan: 3,57 euro, batez beste.