Gizartea -

Osasuna

Alerten lantaldeak mpox mota identifikatzeko bitartekoak areagotzea gomendatu du

Autonomia-erkidegoekin izandako bileran, hauek kasu guztien laginak aztertuko dituztela edo Mikrobiologia Zentro Nazionalera bidaliko dituztela erabaki da, infekzioaren adarra lehenbailehen identifikatzeko.

Osasun langile bat mpoxaren lagin batekin lanean. Argazkia: EFE
Osasun langile bat mpoxaren lagin batekin lanean
Osasun langile bat mpoxaren lagin batekin lanean. Argazkia: EFE

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun Ministerioak autonomia erkidego guztietako ordezkariak biltzen dituen "epidemien zaintza eta alerten ponentzia" bildu du astearte honetan, mpoxak lurralde bakoitzean duen egoera aztertzeko eta zaintza edo prebentzio gomendioei buruz eztabaidatzeko, larrialdi sanitarioa deklaratu eta gero.

Bertan, deklaratzen ari diren kasu bakoitzaren klatua edo adarra identifikatzearen garrantzia azpimarratu da.

Ildo horretan, ponentziaren barruan bertan infekzioaren aurrean jarduteko protokoloa eguneratuko da, besteak beste, kasu bakoitzaren adarrari buruzko informazioa jaso dadin. Halaber, asteazkenean bilduko den Osasun Publikoaren Batzordeari zenbait gomendio bidaliko zaizkio, eztabaidatu eta onartu ditzan.

Euskadiko Autonomia Erkidegoaren ordezkari gisa, Peio Latasa Eusko Jaurlaritzako Zaintza Epidemiologikoko arduradunak hartu du parte astearte honetako bileran.

Latasak gogorarazi duenez, 2022ko agerralditik aurrera, EAEn gaixotasuna diagnostikatzen eta pazienteak artatzen jarraitu da, batez ere sexu-transmisiozko infekzioen kontsultetatik.

Halaber, txertaketa-programaren gomendioei eutsi zaiela eta arriskuan dauden pertsonei txertoa jartzen jarraitu dela adierazi du.

Osasun Ministerioak astelehenean erabaki zuen ez dituela bidaiatzeko mugak ezarriko, ezta mugetan kontralak jarri ere, Osasun Mundu Erakundearen eta Europar Batasuneko Osasun Segurtasuneko Batzordearen bat eginda. Izan ere, Afrikan zabaldu den mpox-aren aldaera berria Europan zabaltzeko "arriskua txikia" dela uste dute agintariek.

Hala ere, bidaiariei informazio gehiago emango diela, eta aireportuetako agintariekin koordinazioa areagotuko duela, erantsi zuen Ministerioak.

Bestalde, azken 10 egunetan aldaera zaharraren 4 kasu berri agertu direla ere jakinarazi zuen, eta horrek 268ra igo du urte honetako datua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Munduko Osasun Erakundea Osasun larrialdia Tximino-baztanga