Gizartea -
Ekaitza Balearretan
Bilbo eta Palma arteko bi hegaldi bertan behera utzi dituzte, eta Menorcarakoa arazorik gabe irten da
Atzo Maotik Bilbora itzuli behar izan zen hegaldiko bidaiari guztiak ezin izan dituzte 06:45eko hegaldian sartu. Atzo, zortzi hegaldi bertan behera geratu ziren Balearretako euriteengatik. Gaur, normaltasunez ari dira artxipelagoko aireportuak.
EITB Media
Asteazkenetik Balear Uharteetan eragozpenak sortzen ari den tanta hotzak atzerapenak eragiten eta hegaldiak bertan behera uzten jarraitzen du, neurri txikiagoan bada ere, eta, jakina, gorabehera horiek Bizkaiko aireportuari ere eragiten diote. Horrela, Bilboko eta Palmako aireportuen arteko bi hegaldi bertan behera geratu dira ostiral honetan, Aenak jakinarazi duenez.
Bat 09:00etan iritsi behar zen Bilbora, eta bestea Loiutik Mallorcarantz irten behar zen.
Palmako Aireportuak krisi batzordea aktibatu zuen atzo, denboralearen ondorioak tarteko, "hegazkin konpainiekin elkarlanean aritzeko eta bidaiariei konponbide onena emateko". Ostegunean zehar trafikoa murriztu ondoren, gaur, ostirala, Balearretako aireportuak normaltasunez ari dira, Aenaren arabera.
Hala ere, programatutako orduan, 06:45ean, irten da Maorako (Menorca) hegaldia. Atzo, goizean goiz, hegaldi bat abiatu zen Bilboko aireportutik Menorcako aerodromora, baina Loiura itzuli behar izan zen. Hegazkin horretako bidaiari guztiak ezin izan dituzte gaurkoan sartu.
Atzo Balear Uharteetara joan behar ziren zortzi hegaldi bertan behera geratu ziren, ekaitzaren ondorioz lur hartu ezinik.
Balearretan abisu horian jarraitzen dute (arrisku ertaina), gaur euriteak eta ekaitzak izango baitira berriro, Aemeten esanetan.