Gizartea -
palestina
Zeledonen Jaitsieran Palestinako banderak debekatzeko saiakera salatu dute
Palestinarekin Elkartasuna plataformatik adierazi dutenez, udal langileek eta udaltzainek plazako sarbideetan boluntarioek banatu zituzten paperezko banderatxo ugari konfiskatu zituzten. Gainera, pertsona bat identifikatu zutela ere salatu dute.
EITB MEDIA
Gasteizko Palestinarekin Elkartasuna plataformak salatu duenez, abuztuaren 4an, Zeledonen Jaitsieran, Udalak Palestinarekiko elkartasun adierazpenak debekatzeko saiakera egin zuen, baina "alferrikakoa" izan zela adierazi du.
Kolektiboak ohar batean azaldu duenez, txupinazoaren aurretik, "udal langileek eta udaltzainek plazako sarbideetan boluntarioek banatu zituzten paperezko 1.500 banderatxoak konfiskatu zituzten, eta horietako bat identifikatzera ere iritsi ziren".
Palestinarekin Elkartasunak salatu duenez, "banderak eramatea galarazi zitzaien balkoira sartzeko akreditazioa zuten pertsonei", eta "Palestinako herriaren aldeko pankarta bat zabaltzera zihoan pertsona talde bat geldiarazi zuten".
Hala, elkartasun taldeak "oso deigarritzat" jo du Udalak erabili duen indarkeria; izan ere, horren aburuz, Palestinako bandera bezalako "ikurrak erabat legezkoak dira, eta mota guztietako aldarrikapenak eta banderak ohikoak diren espazio batean", txupinazo egunean, are gehiago.
Nolanahi ere Palestinako herriaren aldeko plataformak nabarmendu du ez zirela "ahots solidarioak isilarazi", eta Palestina txupinazoan presente izan zela. Besteak beste Zeledonen segizioko kideek erakutsi zituzten banderok, eta 'Palestina askatu' lelodun baloi puzgarri bat ere izan zela, eta sarbide-kontrolak saihestu zituzten pertsonen ehunka bandera ere".
Testuinguru horretan gasteiztarrei dei egin die "Udalaren jarrera konplizearen aurrean Palestinari elkartasuna adierazteko", asteazken honetan, 18:30etik aurrera, Andre Maria Zuriaren plazatik hasita egingo den manifestazioan parte hartzeko.
Gatazkari lotuta, eta larunbateko Donostiako Klasikoari begira, gaur Gernika-Palestina elkarteak dei egin die antolatzaileei Israel-Premier Tech taldea kirol proban onar ez dezaten. Genozidioa eteten ez den bitartean debeku horri eusteko eskatu du elkarteak, eta instituzioei eta zaleei ere mezu bera zabaldu die.