Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizonezko batek 74 urteko bikotekidea hil du Coruñan
Hasiera batean, emakumea hilik aurkitu zuela jakinarazi zion 76 urteko gizonak Polizia Nazionalari baina, autopsiaren arabera, berak ito egin zuen. Epaileak espetxera bidali du, behin-behinean, komunikatuta eta fidantzarik gabe.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
76 urteko gizonezko batek bere 74 urteko bikotekidea hil du ostiral honetan Coruñan, Espainiako Gobernuak A Coruñan duen ordezkariordea den Maria Rivasek baieztatu duenez.
Hasiera batean, emakumea hilik aurkitu zuela jakinarazi zion 76 urteko gizonak Polizia Nazionalari baina, autopsiaren arabera, berak ito egin zuen. Gizona atxilotu zuten, eta epaileak espetxera bidali du, behin-behinean, komunikatuta eta fidantzarik gabe, homizidio delitua leporatuta.
Hilketa ostiralean jazo zen, Coruñako Labañou auzoan, eta Polizia Nazionalak ordu batzuk geroago atxilotu zuen gizona.
Hasieran gizonak emandako bertsioaren arabera, gau hartan zarata bat entzun zuen aldameneko gelan, logela bereizietan egiten baitzuten lo, eta ohetik erori zela ikusita, emakumea estali zuen eta berriro lo egitera joan zen. Bere hitzetan, hurrengo egunean altxatu zen eta hilda aurkitu zuen. Jarraian, Polizia Nazionalari deitu zion.
Orduan hasi zen ikerketa, eta emakumea itota hil zela ebatzi zuen autopsiak. Horregatik atxilotu zuten jarraian, ustezko egile gisa.