Gizartea -
Microsoft erori da
Aireportuak normaltasuna berreskuratzen ari dira
Akatsa dela eta, hegazkineratzeko edo fakturatzeko prozesuak eskuz egin behar dira, eta, ondorioz, atzerapenak izan dira.
EITB Media
Goizetik Aenaren sareko aireportuei eragiten dien arazo informatikoak atzerapenak eragin ditu aireportuetan. Goizean zehar berreskuratu dute normaltasuna aireportuek. Intzidentziak eragina izan du Bilboko Aireportuko eta Iruñeko Aireportuko operazioetan, hegazkineratzeko edo fakturatzeko prozesuak eskuz egin behar izan baitira.
Loiun 30 hegaldi inguru atzeratu behar izan dituzte. Gaurko 148 operazio zeuden aurreikusita.
Iruñean, berriz, Madrilera zihoan hegaldia atzeratu dute.
Normaltasuna Aenan
Lehen orduko kaosaren ostean, Aenak normaltasuna berreskuratu du pixkanaka. Aireportu guztiak martxan daude, baina prozesu batzuetan ohi baino motelago ari dira, eta horrek atzerapen batzuk eragin ditu.
Iberia, Vueling eta Air Europa konpainiek ere jasan dute Microsoftek mundu mailan izandako erorketa. Aipatutako konpainiek ere normaltasuna berreskuratu dute goizean.
Kaosa nazioartean
Europako aireportuak ez dira kaosetik at geratu. Erresuma Batua izan da herrialde kaltetuenetako bat; izan ere, atzerapenak izan dira tren zerbitzuetan eta aireportuetan. Londresko lau aireportuetan, esaterako, arazoak izan dituzte.
Amsterdam, Erroma, Praga eta Edinburgoko aireportuek ere hainbat intzidentzia izan dituzte. Berlingo aireportuak bertan behera utzi ditu hegaldiak goizeko lehen orduan itzalaldi teknologikoagatik, eta arazoak izan ditu goiz osoan zehar.
Ameriketako Estatu Batuetan, American Airlines, United Airlines eta Delta Air Lines konpainiek bertan behera utzi dituzte hegaldi guztiak goizean, eta eguerdian hasi dira berriz ere operazioak egiten.
Singapurren, Indian eta Australian ere arazok izan dira. Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan gutxiago nabaritu da Microsoften erorketa. Txinan, Gobernuak jakinarazi du ez dutela arazorik izan garraioan eta aireportuetan.