Gizartea -

Sanferminak

Entzierro jendetsua eta eroriko askorekin, Escolarren zezenen eskutik

Entzierro azkarra (2:17) izan da, baina aurtengo arriskutsuenetakoa. Oraingoz sei dira ospitaleratuak, baina ez dago adarkaturik.

Sanferminetako entzierroa. Argazkia: EFE
Sanferminetako entzierroa. Argazkia: EFE
Azkarra, jendetsua eta kolpez betetakoa izan da zazpigarren entzierroa

02:17

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Escolarren zezenen entzierroa azkarra eta jendetsua izan da, aurtengo arriskutsuenetakoa, eta eroriko eta kolpe ugari izan dira. 

Atariko balantzearen arabera, sei korrikalari eraman dituzte osasun zentroetara zaurituta; horietako bostek kolpeak dituzte eta besteak zauri sakona du, baina ez omen da adarkada batez egindakoa.

Arantza Artetxe Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko zuzendariordeak emandako balantzearen arabera, Jose Escolar avilarraren zezenen entzierroan pertsona batek kolpe gogorra jaso du bizkarrezurrean Telefonicako tartean, baina gorputz adar guztiak mugitzen ditu.

Santo Domingon, berriz, eskuineko sorbaldan kolpea jaso duen pertsona bat eraman dute anbulantzian, eta beste bat San Martin Doktorearen osasun zentrora eraman dute ezkerreko sorbaldan jasotako kolpeagatik.

Mercaderesen, ezker eta eskuin besoetan zauriak zituzten bi pertsona eraman dituzte, eta toraxean min hartu duen korrikalari bat artatu dute Telefonican.

Azkenik, zezen-plazan, gizonezko batek odol isuria izan du beso batean.

Escolarren zortzigarren entzierroa

Escolar ganadutegiko zezenen zortzigarren entzierroa izan da aurtengoa. Lehenengo hiru parte-hartzeetan entzierro bereziak izan ziren: horietako batean zezen batek buelta eman zuen korrika hasi eta berehala, eta beste bat kamioi batean eraman behar izan zuten zezen-plazara.

Horrek ezusteko portaeraren fama eman zien Escolarren zezenei, baina azken urteetan entzierro azkarrak eta garbiak egin dituzte. Iazkoak, esaterako, 2 minutu eta 23 segundo iraun zuen.

Jose Escolarrek aurten 535 eta 595 kilo arteko zazpi zezen eraman ditu Iruñera, eta Rafaelillo, Gomez del Pilar eta Juan de Castilla toreatzaileen esku utziko dituzte arratsaldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak