Gizartea -
sanferminak
Victoriano del Rioko zezenek entzierro azkarra egin dute, beste behin
Euren ospeari men eginda, animaliek 2 minutu 28 segundoko denboran egin dute ibilbidea. Arrisku uneren bat baino gehiago izan den arren, bi pertsona baino ez dituzte eraman erietxera, eta dagoeneko eman diete senda agiria.
E. G. | EITB Media
Adituek diotenez, Victoriano del Rio ganadutegiko zezenek korrika baino, "hegan" egiten dute. Hala izan da gaur ere, sanferminetako hirugarren entzierroan. Euren marka hautsi ez badute ere (bi minutu pasatxoko lasterketak egin dituzte), arin egin dute zezen plazara arteko bidea, 2 minutu eta 28 segundoan. Aurtengo entzierrorik arinena izan da, horrenbestez.
Santo Domingoko ukuiluetatik anaituta abiatu badira ere, Estafeta kalera heldu orduko sakabanatzen hasi dira. Lau zezen jarri dira buruan, eta beste biak atzean. Puntu honetan, korrikalari bat adarkatzear izan dira animaliak. Telefonicako zatian izan dira une arriskutsuenak, aurreratutako hiru adardun tarteko.
Animalien abiadura tarteko, eroriko ugari izan dira. Zezen plazako kalezuloan sartzear zirela, hainbat korrikalari lurrera jausi dira, eskuineko zatian pilatuta. Lehen zezenak gainetik pasatu dira, eta horietako batek adarra sartu dio ia eroritako bati. Zorionez, ukitu baino ez du egin.
Gurutze Gorriaren balantzearen arabera, bi pertsona eraman dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, biak ere kontusioengatik, Estafetan. Zehaztu dutenez, 24 urteko Antsoaingo (Nafarroa) bizilagun bat eta Madrilgo 29 urteko beste gizaseme bat dira zauritutakoak, eta aurpegian dituzte kontusioak.
Biei eguerdian eman diete senda agiria, Marta Martin erietxeko Kirurgiako zuzendariordeak jakinarazi duenez.