Gizartea -

Asilo eskatzailea

Bilboko Aireportuan dagoen sahararra Marokora deportatuko dute, ANk kautelazko neurriak baztertu ostean

Auzitegi Nazionalak errefusatu egin du kautelazko neurriak hartzea, gazte sahararrak asiloa ukatzearen aurka jarri zuen helegitearen ondoren. Beraz, Polizia Nazionalak aurreikusitakoaren arabera, Tangerrerako hurrengo hegaldian deportatuko dute, ostiral arratsaldean. Gazteak gose-greba hasi du.

Bilboko Aireportua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Bilboko Aireportua, artxiboko irudi batean
Bilboko Aireportua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainaren 23tik Bilboko Aireportuko ez onartuen eremuan dagoen 20 urteko gizon sahararra deportatuko dute bihar, Marokora. Izan ere, Auzitegi Nazionalak ez du kautelazko neurriak hartu, gazte sahararrak asilo ukatzearen aurka jarri zuen errekurtsoaren aurrean. Gazteak gose-greba hasi du.

Auzitegi Nazionalak argudiatu duenez, gazte sahararraren kontakizunetik ez da ondorioztatzen arrisku larria, berehalakoa eta egungoa dagoenik, behintzat badaezpadako neurriak hartzeko adina. Gainera, kontakizunak ez duela zehaztasunik gehitu du.

"Aktoreak saharar herriaren aldeko manifestazioetan parte hartzeagatik atxilotu dutela dioen arren, jarraitzaile talde baten eta apurtutako telefono baten argazkiak besterik ez ditugu", azaldu du.

Hasiera batean, 07:00etako Marrakexerako hegaldian deportatzea aurreikusita zegoen, baina ekintzaile sahararra ez da bertara igo. Espainiako Gobernuak gazte sahararraren asilo eskaera ez du tramitera onartu eta horren aurka abokatuek erreguzko eskaria aurkeztu zuten Auzitegi Nazionalean.

Beraz, ostiralean deportatuko dute. Marokora iritsi orduko espetxeratua izateko beldur da gaztea, jazarritako ekintzaile politikoa dela ziurtatu baitu. 

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek ere salatu dute Espainiako Gobernuak asilo eskaera ukatu izana gazte sahararrari. Erabakia ez dagoela zuzenbidean oinarrituta diote, eta haren deportazioa geldiaraztea eskatu dute, gaztearen bizitza jokoan dagoela uste baitute.

ACNURek adierazi duenez, sahararra den heinean, asilo eskubidea du eta aberrigabe izaera eska dezake.

Testuinguru horretan, gazte sahararra errefuxiatua dela egiaztatzen duten agiri gehiago aurkezteko aukera ematea eskatu du Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak.

San Juan bezperan iritsi zen saharar ekintzailea Loiura, eta geroztik ez onartuen eremuen izan dute, Espainiako Gobernuak ez baitzuen onartu hark egindako asilo eskaera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Auzitegi Nazionala Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Maroko Mendebaldeko Sahara Errefuxiatuak azken ordukoa Giza eskubideak gaur